Euskal Herria Bildu koalizioak urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako aurkeztu dituen hauteskunde zerrendei begiratu bat emanda, deigarri egiten den lehen ezaugarrietako bat da 75 hautagaien artean hezkuntza munduko jende ugari dagoela. Lurralde bakoitzeko zerrendaburuetatik hasita ikusten da hori; unibertsitateko bi irakasle(Laura Mintegi eta Xabier Isasi) eta irakaskuntzako EILAS sindikatuko bozeramailea (Belen Arrondo). Baina gainontzekoei begira ere, unibertsitateko eta lehen eta bigarren hezkuntzako irakasle ugari ikus daitezke, eta, orain beste zeregin batzuetan ibili arren, hezkuntza lanbide izan duten beste batzuk ere ageri dira.
75 zerrendakideetatik bi bakarrik dira azken legegintzaldian legebiltzarkide izandakoak, Dani Maeztu eta Juanjo Agirrezabala, baina hori ez da hain harrigarria ere, alderdien legea aintzat hartuta. Jone Goirizelaia eta Oskar Matute ere izan dira legebiltzarkide aurreko legealdi batzuetan.
Aipatzekoa da, baita ere, koalizioak aurkeztutako balizko gobernutik Mintegi lehendakarigaia eta Julen Arzuaga sailburugaia bakarrik daudela zerrendetan.
Zerrendaburuak koalizioko alderdietako organoetatik kanpokoak diren arren, alderdiek lehen lerroetan kokatu dituzte euren buruzagietako batzuk. Ezker abertzaleak, Maribi Ugarteburu, Marian Beitialarrangoitia eta Hasier Arraiz, besteak beste; EAk, Pello Urizar, Eva Blanco eta Leire Pinedo; Aralarrek, Maeztu, Rebeka Ubera eta Igor Lopez de Muniain; eta Alternatibak, Matute eta Josu Estarrona.
EH Bilduren asmoa legebiltzarreko indar nagusi izatea da, eta Eusko Jaurlaritzara iristea. Inkestek bigarren lekuan kokatu dute, EAJren atzetik, baina nahikoa hurbil.
Iragarpenak baikorrak izanda eta aurreko bi bozetan (udal eta foru hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarakoetan) koalizioak inkesten emaitzak hobetu dituela kontuan hartuta, ez da ameskeria EH Bilduren helburua. Gobernatzea beste kontu bat da, balizko koalizioak eta kanpo babesak aintzat hartu behar direlako. Horregatik azpimarratu du Mintegik legebiltzarkide kopuru gehien duen alderdi edo koalizioari gobernua osatzen utzi beharko litzaiokeela.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Irakaskuntzatik legebiltzarrera
Zerrendaburuetatik hasita, hezkuntzan diharduten hainbat kide daude EH Bilduren zerrendetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu