Aurreko urteetako jendetzarik ez dabil Nafarroako Hezkuntza Departamentuan azken egunetan. Datorren ikasturterako lanpostuak hartzen ari dira irakasleak, baina nabarmen gutxitu dira lanpostuak: behin-behineko maisu-maistren taldeak salatu du 800 gutxiago daudela; gutxienez 500 direla azaldu du CCOOk. Handia da mozketa, eta eragina ez dute behin-behineko irakasleek soilik jasango. Eskola batzuetan, postuak hainbeste gutxituta, ez dago lekurik orain arte adina funtzionariorentzat. Hori ikusita, legea trabeskatu du Iruñeko gobernuak: funtzionarioak lehiaketan sartu ditu, aurrekoetan baino askoz postu gutxiago egon arren. Are, eskaini dizkieten postuak Pirinio ingurukoak dira, Iruñetik urrun daudenak. Hara zer proposatu dien gobernuak funtzionarioei: beren lanaldi osoari uko egitea, eta Iruñe aldeko eskola batean lanpostu murriztu bat hartzea.
Ohartarazi zuten sindikatuek postuak asko gutxitzen ari zela Hezkuntza Departamentua —iaz behin-behineko 235 irakasle bota zituen Bigarren Hezkuntzatik—, eta horrela jarraituta funtzionarioek jasan beharko zituztela aldaketak, postu finkoa izanagatik ere. Derrigorrezko lekualdatzeak zituzten buruan langileen ordezkariek: gobernuak behartu egingo zituela irakasle funtzionarioak lekua dagoen eskoletara joatera.
Lekuz aldatzera bakarrik ez, lanaldi osoari uko egitera ere bultzatu dituzte funtzionarioak. «Lardaskeria bat egin du Hezkuntza Departamentuak, nahierara egokitu du legea». Expe Iriarte LAB sindikatuko kideak egin du salaketa; departamentuaren atarian zen atzo, gainerako sindikatuetako ordezkariekin batera, gobernuaren jarrera salatzen eta irakasleei babesa azaltzen. Jose Iribas kontseilariaren eta Yolanda Barcina presidentearen aurkako kartelak agertu zituzten, goiz osoko elkarretaratze etengabean.
Lanaldi murriztua eskatzeko baldintzak kendu egin ditu gobernuak, funtzionarioek helduleku hori izateko. «Erronkari aldean eskaini dituzte lanpostu oso gutxi batzuk», azaldu du Iriartek. Horiek ez onartzekotan, lanaldi osoari uko egitea jarri die mahai gainean gobernuak, alternatiba gisa.
Ordukako dinamikan sartuko dira, beraz, funtzionarioak. «Pentsa: oposizioetan postua lortu dutenek ere ez dute izango lanaldi osoa», ohartarazi du Iriartek. Kezka du behin-behinekoen egoerarekin ere. «Funtzionarioak horrela egonda, oso baldintza prekarioetan jardun beharko dute haiek».
Funtzionarioek hartu gabeko postuak hartu beharko baitituzte kontratu finkorik ez daukaten beharginek. Lan baldintzetan ez ezik, eragina kaleratzeetan izango dute haiek: postu gutxiago atera dituzte lehiaketara, eta haietako asko hartuta daude behin-behinekoak aukeratzen hasterako.
Protestan hasita daude, egoera ikusita. Behin-behineko irakasleen elkarteak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean Hezkuntza Departamentuaren atarian, eta kaleratzeek eskoletan ez ezik ekonomian izango duten eragina ekarri zuen gogora. «Nafarroako lan erregulazio txostenik handiena» egitea egotzi zioten Iribas kontseilariari: «Ehunka behargin kaleratuko ditu, ehunka langileren lan baldintzak prekarizatuko, eta, horren ondorioz, hezkuntzaren kalitatea kaskartuko». Hori salatu zuten geroko manifestazioan ere, eta atzera egiteko eskatu zioten gobernuari. Gurasoak eta ikasleak ere batu zitzaizkien protestara.
Egoera «irentsita»
Etsia hartuta daude, nolanahi ere. Hori uste du Iriartek, atzo postua hartzera joandako irakasleekin egon eta gero: «Irentsita daukate zein den egoera». Protesta handiak izan dira, baina bereari ia erabat eutsi dio Iribasek. Kalitatea jokoan ez dagoela errepikatzen jarraitzen du, baina LABeko kideak uste du postuen banaketak berak bistan utzi duela hori: «Kalitatea okertuko da, noski. Ordukako sisteman, irakasle gehiagok eman beharko dituzte beren espezialitatekoak ez diren ikasgaiak. Gero eta gehiagotan gertatuko da Musikako irakasleak Gorputz Heziketa ematea, adibidez».
Horren aurka protestan segitzeko asmoa dute. Gaur ere egingo dute elkarretaratzea goizean departamentu atarian; behin-behineko irakasleek jarraituko dute postuak hartzen. Biharko, gauerako jarri dute hitzordua: Pobre de mi ekimena egingo dute, 22:00etan. Sanferminetarako kartelak-eta egiten ere hasita daude.
Uda ostean, iraila izango da mugarria. Postu gehiago egongo dira jokoan. «Batzuk ez dituzte orain atera, jakin arren hutsik egongo direla», dio Iriartek. Beste lan batzuetan ari diren langileenak dira: departamentuan ari direnenak, aniztasun planetan ari direnenak... Irailean beteko dituzte, ordezkoen erako kontratuekin. «Oporrak ez pagatzea da xedea. Iaz hasi ziren. Kurtsoan hiru kontratu egin zizkieten langileei: irailetik Gabonetara, urtarriletik aste santura eta apiriletik ekainera».
Hezkuntza. Murrizketak
Irakasle finkoak ere, orduka
Nafarroako hezkuntzako murrizketek eragin diete irakasle funtzionarioei ere: legea aldatu du gobernuak, lanaldi murriztua har dezaten«Nafarroako erregulazio txosten handiena» egin du gobernuak, maisu-maistren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu