Irakasleak protestan, eta Iribasek keinurik ez

Nafarroako Gobernuak bilera egiteko asmoa erakutsi die sindikatuei; kontseilariaren deiaren zain daude orain

I. Elizalde
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroako Hezkuntza Batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiek ekin zioten protestari asteartean. Gaur, hirugarren egunezegingo dute elkarretaratzea Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean. Hezkuntzan murrizketarik ez! Eskola publiko sendo baten alde lelopean, datorren ikasturterako Bigarren Hezkuntzako murrizketak salatzen dihardute irakasleek. Afapna sindikatuko ordezkari Juan Carlos Laboreok salatu duenez, berrehun irakasle gutxiago arituko baitira eremu horretan.

Murrizketarik ez onartzeko jarrera berretsi nahi dutela adierazi zuen atzo Hezkuntza Batzordeko bozeramaile eta LAB sindikatuko ordezkari Expe Iriartek. Departamentuaren deiaren zain daude orain. Joan den astean igorri zioten sindikatuen negoziaziorako proposamena Jose Iribas Hezkuntza kontseilariari, eta zenbait puntutan «aurrerapausoak eman» zitezkeela erantzun zien hrk astelehenean, departamentuko prentsa arduradunaren bidez. Edonola ere, ez zien «puntu horiek» zeintzuk ziren argitu, eta ondorengo egunetan bilera baterako ordua jartzekotan gelditu ziren. Ez dute Iribasen berririk izan geroztik.

Hezkuntza sindikatuen ziurtasun falta areagotzen ari da, eta Iribasen jarrera «demagogia politikoa» dela esan du Iriartek. Mugimendua ibiliz erakusten dela adierazi dute sindikatuek, eta une honetan mahai gainean lanpostuen murrizketak baino ez dituztela ikusi. Azken egunotan egiten ari diren lanpostuen esleipenen zain dauden irakasleen artean «haserrealdia nabaria» dela erantsi du Iriartek.

«Hasiera» baino ez

Irailaren 6an batzar bat egiteko asmoa dute eskola publiko eta kalitatezkoaren aldeko kanpainaz eztabaidatzeko. Nafarroako Parlamentu taldeetako ordezkariekin izango da hitzordua, baita zuzendariekin eta gurasoekin ere. Sindikatuek ez dute irakasleak grebara deitzeko aukera guztiz baztertu .

Expe Iriartek argi utzi du ez daudela une jakin honetan bigarren hezkuntzan egin diren murrizketei begira soilik ari: «Murrizketen hasiera da hau, baina badatoz gehiago».

LAB sindikatuko kidearen arabera, halako saioak areagotu egingo dira hemendik aurrera: bai osasunean, bai hezkuntzan, baita gizarte zerbitzuetan ere. Alor horietan guztietan aurrezteko hautu argia egin dutela uste du Iriartek, eta krisi ekonomikoan ere antzuak diren «obra faraonikoetan» pentsatzen jarraitzea leporatu dio Nafarroako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.