Irakasleen esleipena egiteko hitzarmena izenpetu dute

Hiru urterako hitzarmena sinatu dute Seaskak eta Frantziako Hezkuntzak, eta metodologia arautu

Indo, Nembrini eta Maitia, hitzarmena izenpetzen, Miarritzen. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Frantziako Hezkuntzak eta Seaskak hiru urterako hitzarmena izenpetu dute. Edukiontzia edukia bezain garrantzitsua izaten da batzuetan, eta horren adibide da Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzari esker berretsi den dokumentua. Funtsean, irakasleak esleitzeko metodologia da hitzarmeneko punturik garrantzitsuena. Baina, berez, hezkuntza arloko eragile izatea aitortzen dio Frantziako Hezkuntzak Seaskari.

Duela hiru urte izenpetu zuten lehen hitzarmena, eta hiru urterako 11 irakasle postu lortu zituen Seaskak. Alta, hitzarmenean ez zen aurreikusten Seaskak ukan zezakeen ikasle emendatze ikusgarria. Hiru urte pasatu ondoren, esleitutako kopurua baino gehiago behar zuen Seaskak, eta gutxi balitz bezala, Frantziako Hezkuntzak ez zuen presarik hitzarmena berresteko. Ekainerako behar zuen hitzarmenak azaroan sinatu dute. Bitartean, Seaskak milaka euskaltzale atera zituen karrikara egoera jasanezinari konponbidea emateko.

Funtsean, epea beterik, esleitutako irakasle kopurua aise gainditu du Seaskak. Izan ere, hitzarmeneko 11 irakasleez gain, 2012-2013ko ikasturtea hasi aitzin 1,25 irakasle lanpostu onartu behar izan zizkion errektoreak, eta urteari hastapena eman ahal izateko gelak irakasle gabe utzi gabe, bertze hiru. Lau urtean 15,25 irakasle gehiago lortu ditu Seaskak, baina horrek ez du konpontzen irakasleen arazoa.

Irakasleen esleipena prozedura korapilatsua dela gogoratu du Jean Louis Nembrinik, Bordeleko errektoreak. «Funtsean irizpideak finkatu ditugu: lehen mailan, 22 haur egonen dira gehienez, eta bigarren mailan, 25». Bi urteko haurrak ez ditu zenbatzen, eta Seaskak eskolatze goiztiarra hobesten du,haurtxoak euskal giroan haz daitezen. Ikastola berriak irekitzeko prozedura ere korapilatsua da. Hasten delarik, ikasle gutxi egon ohi dira, baina urte gutxiren buruan, ama eskolako eskaintza bete eta lehen mailako eskaintza bermatu behar izaten du Seaskak.

«Baxoa da unibertsitate mailako lehen agiri ofiziala, estatu osorako», azaldu du Nembrinik. Iazmatematika azterketa euskaraz egitea onartu zuen Frantziako Hezkuntzak, «esperimentazio» gisa. Ondoko urteei begira, horren emaitzak aztertzea hobesten du Nembrinik. «Azterketak, euskaraz eginik ere, balio bera du Frantzian, eta hori onartzea delibero politikoa».

Bordeleko errektorearen hitzetan, argi ikus daiteke Frantziako Hezkuntzak ez duela borondaterik azterketak euskara hutsez egiteko parada eskaintzeko. Baina «zirrikitu bat» erakutsi du: esperimentazioa. Hezkuntza publikoak ez du murgiltze eredurik onartzen. Baina lege zirrikitu hori baliatu du Miarritzeko eskola publikoan, ama eskolan, murgiltze eredua eskaintzeko. Gisa berean, brebeta baxoa baino lehen egiten den azterketa izanik euskaraz egiteko arazorik ez dagoela adierazi du errektoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.