Irango programa nuklearraren auzia desblokeatzeko akordioa da Iranek, Turkiak eta Brasilek egin dutena. Nazioarteko komunitateak joan den urrian proposatutakoaren antzekoa da akordioa, baina oraingoan trukaketa Turkian egitekotan geratu dira. Iranek Turkiara gutxi aberastutako (%3,5) 1.200 kilo uranio bidaliko ditu hemendik hilabetera, eta urtebetera baino lehen, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak %20an aberastua itzuliko dio, erraktore nuklearraren ikerketarako behar duena. Epeak betetzen ez badira Turkiak konpromisoa hartu du uranioa Irani itzultzeko. Mahmud Ahmadinejad Irango presidentea orain arte ez da prest egon uranioa bere lurraldetik kanpo aberasteko.
Aurrera urratsa da Ahmadinejadentzat hitzarmena, eta horregatik, G-6akoekin elkarrizketak "lehenbailehen" hasteko deia egin die taldeko ordezkariei-AEB, Errusia, Txina, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania-. "Akordioa sinatu ondoren, bada garaia G-6koak Iranekin hizketan has daitezen, zintzotasunean, justizian eta errespetuan oinarrituta". Turkiako Atzerri ministro Ahmet Davutogluren ustez, jada ez dago arrazoirik Nazio Batuen Erakundeak Irani zigorra jartzeko. Programa nuklearraren atzean asmo militarrak egon daitezkeela-eta dabiltza mendebaldeko herrialdeak aspaldian zigorren aukerarekin bueltaka.
Washingtonen erantzunaren zain
Joan den urrian Washingtonek antzeko akordioa babestu nahi izan zuen, baina gutxi aberastutako 1.200 kilo uranioa Iranek zuen erregai kopuruaren %80 zen, eta Irandik kanpo urtebete ateratzeak bermatzen zuen bonba atomikoa fabrikatzeko gaitasunik gabe geratzea. Orduztik, Natanzeko planta nuklearra uranioa aberasten aritu da, eta Ahmadinejadek berak esanda, ohikoa dena baino erritmo handiagoan.
Teheranek, berriz, kontzesio bat egin duela pentsatzen du, NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren arabera, Iranek eskubidea baitu erregaia erosteko ikerketarako.
mundua
Iranek uranioa bere lurraldetik kanpo aberastea onartu du
Turkiarekin eta Brasilekin hitzartutakoaren arabera, Ankarara %3,5ean aberastua den 1.200 kilo uranio bidaltzekotan geratu da Teheran, eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak %20an aberastua itzuliko dio urtebetera. Nazioarteko komunitatearekin elkarrizketak hasteko eskaera egin du Irango presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu