ipar irlanda

IRAren hiru talde disidente batu egin dira jarduera armatua jarraitzeko

Benetako IRA da talde haietako bat. Erresuma Batuko indar armatuen eta sinboloen aurka egingo dute, 'The Guardian'-ek argitaratu duenez.

2012ko uztailaren 27a
20:47
Entzun

IRA Ipar Irlandako erakunde armatuaren lau talde disidenteetatik hiruk biltzea erabaki dute, eta hemendik aurrera jarduera armatuan zuzendaritza bakarraren pean ariko dira, gaur The Guardian egunkariak dakarrenez. Erresuma Batuko segurtasun indarren eta sinboloen aurka egingo dute, hedabide haren arabera.

Ipar Irlandako bake prozesuaren aurka daude hiru taldeak. "Irlanda aske eta independentea lortzeko helburuak gora-beherak izan ditu azken urteetan, abertzaleen lidergoaren porrotagatik eta errepublikarren barne hausturagatik", diote.

1998ko Ostiral Santuko hitzarmena ('Stormonteko hitzarmena' ere deitua) Ipar Irlandako bake prozesuan mugarri garrantzitsua izan zen. 1998ko apirilaren 10ean sinatu zuten Erresuma Batuko eta Hego Irlandako gobernuek, eta Ipar Irlandako alderdi politiko nagusi gehienek berretsi egin zuten —Sin Feinek, tartean—. Hego eta Ipar Irlandako herritarrek ere berretsi zuten, 1998ko maiatzaren 23an egindako bi erreferendumetan. IRAk bat egin zuen Sinn Fein alderdiaren estrategiarekin.

Benetako IRA, Drogaren Aurkako Ekintza Errepublikarra (RAAD) eta multzo txikiz osatutako erakunde bat dira hiru talde disidente horiek. The Guardian-ek dio "ehunka kide" biltzen dituztela. 

Talde nagusia Benetako IRA da. Esaterako, hark egin zuen, 1998ko abuztuan, Omagh-ko atentatua, bonba auto bidez: 29 lagun hil zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.