Arrantza

Irauli egin da 'Motxo', eta erregaia galtzeari ekin dio

Arrantzontzia haitzetatik ateratzeko ahaleginean ari zirela irauli da. Itsasbehera baliatuz ontziari sokak lotzen aritu dira, baina gaur dagoeneko ezingo diote buelta eman, olatu handiak direla-eta. Atzo goizaldean Deba eta Zumaia artean hondoa jota geratu zen Bermeoko ontzia.

2010eko azaroaren 5a
17:33
Entzun
Itsas Salbamenduko langileak itsasbeheraren zain egon dira gaur goizean Motxo arrantzontzia ateratzeko lanei ekiteko, hasi dira lanean baina ontzia irauli egin da 14:00ak aldera. Gainera, erregaia galtzen hasi da. Eusko Jaurlaritzak dio kontrolpean duela eta ingurumen arriskurik ez dagoela. Itsasoak gora egin du arratsaldean, olatu handiak daude, eta gaur dagoeneko ezingo diote Motxo-ri buelta eman, Itsas Salbamenduko kideek esan dutenez.

Atzo, itsasgoran, ezinezkoa zen Bermeoko ontzi hari sokak lotzea gero atoiontziari kateatzeko. Beraz, gaur goizean horretan aritu dira, itsasgora iritsi baino lehen lan hori amaitu eta, ondoren, atoiontziarekin saiatzeko. Marea gora behar da Motxo atera ahal izateko.

Zumaiako Baleike aldizkariko kazetariek BERRIA.INFOri jakinarazi diotenez, ontzia ez da ia mugitu ere egin hondoa jota dagoen lekutik eta, ondorioz, ez du ematen kalte handirik duenik. Halaber, atzo zabalik zeuden sareak bilduta ageri ziren gaur goizean. Motxo-ren istripuak ingurumenean kaltea eragiteko kezka sortu du, ontzian arrakalak sortuko balira gasolioa isuriko litzatekeelako. Bestetik, sareak zabalik zeuzkan atzo, eta horrek ere kalteak eragin zitzakeen itsas hondoan. Deba eta Zumaia arteko pare hori biotopo babestua da.

Atzo goizaldean izan zen istripua Bermeoko Motxo arrantzontziak, eta hondoa jota geratu. Bederatzi arrantzaleak onik atera zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.