Tabu bat apurtu da. Ezinezkoa zela pentsatzen hasiak zeuden zientzialariak, baina posible dela frogatu du Amerikako Estatu Batuetako ikerlari talde batek: pertsona heldu baten DNA hartu, eta, enbrioitik, pertsona horren beraren DNA informazio bera duten zelula amak sortzeko bidea aurkitu du talde horrek. Bi aukera zabaldu ditu ikerketak: pertsonen gaitzak osatzeko ama zelulak sortu ahal izatea, eta pertsonak klonatu ahal izateko teknikan urrats bat egitea. Giza klonaziorako aukerak ireki arren, inork gutxik irakurri du ikerketa zentzu horretan. Zientzialari guztiak bat datoz: ez dute joko pertsonak klonatzeko bidetik, ez diote baliagarritasunik ikusten —«zertarako?», galdetzen dute—. Ikerketak ireki duen beste bidea da zientzialari guztiek nabarmendu dutena: gaitz sorta zabal bat sendatu ahal izateko ezagutza sortu du Oregongo zientzialari taldeak.
Ama zeluletatik gorputzeko atal ugari birsortu daitezke: bihotzeko giharrak, neuronak, gibeleko zelulak, odolekoak... Ikerlariek hamaika ahalegin egin dituzte azken urteetan, bai ama zelulak sortzen, bai ama zelula horiekin gorputzeko atalak osatzen ere. Gaitz ugari sendatzeko iturria haietan egon litekeela sinestuta daude.
Dolly ardiaren klonazioak, 1996an, mugarri bat jarri zuen. Ez klonazioagatik soilik, enbrioiak informazio genetiko jakin batekin diseinatzeko ahala ekarri zuelako baizik. Dolly sortzeko, ardi baten DNA hartu —adibidez, azaletik—, eta beste ardi baten obuluari txertatu zioten, obuluak berez zekarren DNA kenduta. Alegia, ardi bakar baten informazio genetikoa zuen obulu bat sortu zuten —ernaltze arruntean, arraren eta emearen DNA informazioak batzen dira obuluan, berez—. Obulu hori beste ardi bati txertatuta lortu zuten ardi bat klonatzea.
Teknika bera beste ugaztun batzuekin probatu izan dute geroztik, eta, bai, lortu izan dute haietako batzuk klonatzea teknika horrekin. Baina zientzialariak hamazazpi urtez aurrera egin ezinik ibili dira, teknika hori pertsonentzat erabiltzen saiatu direnean. Ezintasun horrek beste bide bat hartzera eraman ditu ikerlariak azken urteetan: gaixo zegoen pertsonaren zelula arruntak hartu, eta zelula ama bihurtzeko teknikak garatzen aritu dira, adibidez. Zelula helduetatik sortutako zelula ama berriek, ordea, hasierako zelulen akats eta mutazio berak jasotzen dituzte sarritan, eta horrek hainbat arazo sortzen ditu. Saiatu izan dira, baita ere, ernaltze prozesu arruntarekin; obuluak eta espermatozoideak erabiliz enbrioiak sortu, eta horietatik zelula amak ateraz. Baina zelula ama horien DNA egitura eta hartu beharko lituzkeen gaixoarena ez lirateke berdinak, bi pertsonen informazio genetikotik sortuak bailirateke. Klonazioaren bidetik sortutako zelula amek, ordea, teknika horien ezintasunak gaindi ditzakete.
Ezintasun zientifikoetatik aparte, giza klonazioaren aukera hutsak beldurra zabaldu zuen hasieratik, Dolly-ren berri izan zenetik. Zenbait gobernuk giza klonazioa debekatzeko erabakiak hartu dituzte geroztik. Beldur horrek eta ikerketan aurrera egiteko ezintasunak atzera bota ditu ikerlari asko urteotan. Lanean jarraitu du Oregongo Osasun eta Zientzia Unibertsitateko taldeak, ordea. Eta orain bidea urratzea lortu du. Dolly-rekin erabilitako teknika bera pertsonen DNA informazioarekin eta obuluekin erabiltzea lortu du. Eta emaitzak eskuratu ditu. Cell aldizkariak argitaratu du haien lana.
«Urrats esanguratsua»
Shoukhrat Mitalipovek gidatu du ikerketa. Haren esanetan, enbrioietatik lortu dituzten zelula ama horiek gai dira neuronak, gibeleko zelulak eta bihotzeko zelulak sortzeko. «Oraindik lan handia dago egiteko zelula amen bidezko tratamendua segurua eta efikaza izan dadin, baina ziur gaude hau urrats esanguratsua dela birsorkuntzarako medikuntzan erabili ahal izango diren zelulak garatzeko». Ikerketaren garrantzia nabarmendu du Koldo Martinez bioetikan adituak ere: «Zientziaren ikuspegitik aurrerapauso galanta da, pertsonekin orain arte ez zelako lortu».
Oregongo taldeak erabili duen teknikari transferentzia nuklearra esaten zaio. Hartzen da obulu bat; nukleoa ateratzen zaio, obuluaren sortzailearen informazio genetikoa hustuz; txertatzen zaio beste zelula bat, DNA informazioarekin. Alegia, sendatu nahi duten pertsona batentzako zelula amak sortu nahi izatera, pertsona horren zelula bat txertatzen zaio obuluan; horretarako, aski da zelula pertsona horren azaletik hartzea, adibidez.
Obulu hori ernaltzeko aktibatu, eta enbrioi bihurtzeko pausoak egiten hasten da; zatitzen hasten da orduan, ohi duen bezala: obulua bitan zatitzen da aurrena, lautan ondoren, zortzitan gero... Bospasei egunen buruan, enbrioia blastozisto fasera iristen da. Une horretan, posible da zelula amak eskuratzea enbrioitik, baina enbrioia bera suntsitu behar da horretarako.
Enbrioi hori suntsitzea da, hain justu, alderdi politiko kontserbadoreek, mundu osoan, kritikatu izan dutena: enbrioia hiltzea pertsona bat hiltzea dela argudiatuta, enbrioietatik sortutako zelula amekin ikerketak egitea ere debekatu izan dute gobernu batzuek. Espainiak ere debekatua du, legez, pertsonak klonatzea. Debekuak harago joango ote diren, zalantzak baditu Koldo Martinezek: «Ikusi beharko da. Denok dakigu legeak nork egiten dituen eta nork agintzen duen gaur egun. Beraz, debekatzeko arriskua badago. Baina hau ez da giza klonazioa berez. Ikusi beharko da zein jarrera etiko nagusitzen den. Baina PP gobernuan egonda ezin dugu gauza handirik espero».
Giza klonaziorako ernamuina ere blastozistoaren fase horretan sortzen da: momentu horretan enbrioia umetoki batean txertatuko balitz, teorian bederen, haur batek sortu beharko luke. Eta, hasierako obuluak pertsona bakar baten DNA informazioa leukakeenez, haur horrek beste pertsona baten itxura fisikoa izango luke. Klon bat sortuko litzateke, alegia.
Baina zientzialariek ez dute espero ikerketak bide horretatik joatea. Mitalipov berak egindako beste proba batzuetan, tximino batzuk klonatzen saiatu ziren, teknika hau bera erabiliz. Dozenaka enbrioirekin probatzen aritu ostean, umealdi bakar bat lortu zuten, eta abortuan bukatu zuen hark. Transferentzia nuklearraren teknikak hutsak eginarazi ditu ugaztunak klonatzerakoan; abortuak eta malformazioak, aldiz, ugari eragin ditu.
Ikerketaren emaitza praktikoak ikusteko itxaron egin beharko da oraindik. Horrela uste du Koldo Martinezek. «Nire ustez, hasteko, erabilera sinpleagoetarako baliatuko da ikerketa. Adibidez, gorputz erdia erreta duten pertsonei, gaur egun, txertoak egiten zaizkie. Erreta ez duten lekuetatik ehunak hartu, eta erreta duten lekuetan jartzen zaizkie. Aurkikuntza honi esker lortuko da halakorik egin behar ez izatea. Hau da, ehunak laborategian lortzea. Hortik abituta, ikusiko da gero zer gehiagorako balio duen».
Behin huts egiten da
2004ko martxoan, Hwang Woo-suk zientzialari korearrak giza enbrioien klonazioa lortu zuela jakinarazi zion munduari. Shoukhrat Mitalipoven zuzendaritzapeko taldeak orain erabili duen metodo bera erabili zuela zioen, eta Nobel saria jasotzeko hautagaietako bat bihurtu zen goizetik gauera, hainbesterainokoa da klonazio bitartez ama zelulak lortzeak eragin dezakeen iraultza. 2005eko ekainean, bere klonazio metodoak efizientzia handikoak zirela idatzi zuen. Gaitz degeneratibo askoren sendabidea gertuago zegoela zabaldu zuten hedabideetan. Urte bereko abenduan, eskandalu izugarria sortu zen zientzialarien artean eta iritzi publikoan: Hwangek Science aldizkarian argitara eman zituen zelula amen klonazioari buruzko bi ikerketa iruzurra ziren, faltsututako datuetan oinarrituta baitzeuden. Hwangek berehala eman zuen dimisioa.
«Gezur handia izan zen», azaldu du Martinezek: «Denoi sartu zigun ziria. Baina hori gutxitan gertatzen da. Kasu honetan ez dugu zertan zalantzan jarri. Teorikoki posible zen zerbait praktikan lortu dute». Hwangen eskandaluak erabat markatu zuen zientzia aldizkarien jarduna. Science eta Nature agerkarietako editoreek batzorde bat sortu zuten propio; «arrisku handiko gaietan» —klima aldaketa, osasungintza, biomedikuntza komertziala eta nanoteknologia— lehen mailako kontrolak ezartzea aholkatu zieten arloko argitaratzaileei. Bukatutzat jo zituzten zientzialariekiko konfiantzan oinarritutako edizio lanak. Ordutik, aldizkariok askoz zorrotzago aztertzen dituzte lan guztiak.
Horregatik, balio bikoitza du atzo Cell aldizkariak publiko egin zuen ikerketak. Komunitate zientifikoa ez dago bi aldiz huts bera egiteko. Mundu osoko zientzialariek berretsi dute: ikerketa sendoa eta serioa aurkeztu dute Oregongo ikerlariek. Eta hala epaitu du Koldo Martinezek: «Erabateko sinesgarritasuna du».
Zientzia. Bioteknologia
Iraultza baten enbrioia
Oregongo Osasun eta Zientzia Unibertsitateak lortu du pertsona baten informazio genetikoa enbrioietan txertatu eta zelula amak sortzea hortik. Gorputz atalak birsortzeko medikuntzarentzat iraultza ekarriko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu