Iritzia

Iraunkor, orokor, egiaztagarri

Xabier Isasi Balanzategi.
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
ETAk agiria atera du: «Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki du ETAk». Agiri laburra izanagatik, letra-zopa luzea ekarriko du. Su-etena, iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria, lau kontzeptu horien ingurumarian hasiko zaizkigu ohiko tertuliakideak. Aspertuko gaituzte.

Agiriak balio du? Prozesuaren katebegi txiki bat besterik ez da. ETAk eusten badio agirian dioenari, denbora igaro ahala politikarien erlojua atzeraka gero eta bizkorrago mugituko da. Formalki, iraunkorki eta orokorrean borroka armatua amaitu da. Ziklo berria hasi bada ere, aldaketak mantso etorriko (ekarriko?) zaizkigu. Euskal Herriko mapa sozio-politikoaren aldaketa gauzatuko da, Ezker Abertzalearen parte- hartzea gaur egungo egitura instituzionalean, berez, aldaketa esanguratsua da. Parte-hartze horrek eragile guztiak mugaraziko ditu. Arazoa da, lehen esan moduan, borroka armaturik gabe irabazten badugu ere, alderdi politiko guztiek zerbait galtzen dutela.

Nafarroako eta Gasteizko legebiltzarretan UPN, PSOE-PSN-PSE, PP, PNV/EAJ, EA, Aralar, Ezker Batua eta UPD alderdi politikoek betetzen dituzten eserlekuren batzuk galduko dituzte. Prest al daude?

Alderdi politikoak aurtengo foru eta udal hauteskundeetarako goruak jo eta su hautagai-zerrendak harilkatzen ari dira. Ez dago jakiterik hauteskundeetan Ezker Abertzalea egongo denetz, baina, badaezpada ere, ezkutuko inkesta eta zundaketa guztietan sartu dute. Badaezpada ere, ustezko boto horiek zenbatu dituzte. Kalkulu horren arabera jakin daiteke, besteak beste, alderdi politiko bakoitzari zer komeni zaion. Alderdi politikoentzat, hauteskundeak errege-opilaren antzekoak dira: batzuek nahiago izaten dute esnegainarekin eta bestetzuek gabe.

Gehienei galera-irabazien kontuak ez zaizkie koadratzen; Ezker Abertzaleak hauteskundeetan parte hartuz gero, gehienentzat galera handiagoak dira mozkinak baino. Ezker Abertzalerik gabe, ordea, irabaziagatik denek galtzen dute zerbait. Politikarien erlojua atzeraka jiratzen hasi da. PPren egoitzetako balkoietan kalera so daude, ea noiz pasatzen den haien arerio politikoaren hilotza. PSOE itxaropen leihoetatik begira ari da, krisiaren galera-jasa noiz ateri. EAJ/PNVren batzokietan, Eusko Jaurlaritzaren higadura zenbatekoa den neurtzen ari dira. Aralarren, irrikan daude ea udaberria ahalik azkarren datorren bere ardi guztiak goiko zelaietara noiz eraman, baten batzuk gal daitezkeelakoan. Ezker Batua bere ezkerrera miatzen ari da, zerbait ote dagoen jakin nahian. EAk, hamaika bat galduagatik hamaika irabaz dezakeelakoan, hil edo biziko apustua egin du. Ezker Abertzalea, azkenik, itzulezineko bideak irtenbiderik ote duen arakatzen ari da.

Ikusteko dago aurki atera behar duten Udalbiltzaren gaineko epaian aldaketarik ba ote dagoen. Ez legoke txarto auzipetu guztiak libre geratuko balira. Hala izan bedi.

Politikarien dantzaldia hasi da; bikote bat hasi zen dantzalekuan, Ezker Abertzalea eta EA, gerora entzundakoaren arabera, PNV/EAJ Madrilgo gobernuarekin (PSOE) bikotea plazaratzeko prest dago. Hasi dira ukalondokakoak eta zapalaldiak. Guztiek dantzatu nahi dute, baina denek ez dute nahi guztiak dantza daitezen. Dantzakideak aukeratzeko momentua iritsi da; gustuak, tamainak eta proportzioek agintzen dute. Hurrengo pieza jotzerako bikote aldaketarik izango ote da? Batek daki. Badaezpada ere, dantzara, plazara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.