Maddalen Iriartek, EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, «gobernabiderako akordio bat» proposatu die EAJri, PSE-EEri eta Elkarrekin Podemos-IUri. Gipuzkoako Foru Aldundian gobernua osatu ahal izateko «gutxieneko akordio bat» egitea da Iriarteren helburua, «oinarrizko proposamen baten inguruko adostasunak josita». Nabarmendu du EH Bilduri dagokiola «proiektu partekatua» gidatzea —foru hauteskundeak irabazi ditu Gipuzkoan, 22 batzarkide lortuta—, baina «lidergo partekatuen garaia» ere badela esan du: «Diagnostiko minimo komun batetik gobernantza kooperatibo batean lerratzea ezinbestekoa izango da datozen garaietan».
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egindako agerraldian, Iriartek adierazi du «gobernagarritasun akordio zabal bat» erdiestea izango dela EH Bilduren «lehentasuna». «Alderdiak eta erakunde publikoak tresnak dira, ez helburuak. Herritarrei etorkizuneko proiektu partekatu bat eskaintzeko tresna izan nahi dugu, eta horretan arituko gara etengabe», adierazi du Donostiako Gipuzkoa plazan.
Gainera, «gutxieneko akordio» horrek izango lituzkeen ildo nagusiak ere azaldu ditu EH Bilduko ahaldungai nagusiak. Batetik, zaintza eraldatu beharra dagoela nabarmendu du Iriartek: «Trantsizio bat marraztu behar dugu sistema publiko komunitario baterantz, erreferentzia publiko bat izango duena, eta, premiaz, zaintzen dutenen lan baldintzak duinduko dituena, sektorearen eta erabiltzaileen ahotsa bermatuz». Klima eta energia krisiei aurre egiteko, berriz, energia berriztagarrien aldeko apustua egin behar dela ere adierazi du. «Horri lotuta kokatzen ditugu industriak egin beharreko premiazko eraldaketa, mugikortasun ereduan sakontzea, eta lehen sektorea indartzea», erantsi du.
Ipar Euskal Herriarekiko harremana indartu behar dela, euskarak eta kulturak «herritarr guztien eskubide» izan behar dutela, eta zerga sistemaren inguruan hausnarketa sakon bat egin behar dela ere azaldu du Iriartek. «Gobernantza feministak lehentasun bat izan behar du; alor guztietan eragin behar du», gaineratu du.
«Elkarrekin Podemosekin etengabe ari gara oinarrizko elementu horien inguruan hitz egiten», esan du Iriartek. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU bat etorriko balira, ez lukete gehiengorik izango; hiru batzarkideren faltan egongo lirateke gehiengo osorako. EAJk eta PSE-EEk ere 24 batzarkide dituzte, baina PP prest agertu da bere hirurak eskaintzeko. Horrela, 27 batzarkiderekin, gehiengoa lor dezakete Gipuzkoako Batzar Nagusietan.