Iribasek esan du irakasle postu oro bete dutela, baina sindikatuek ez dute baietsi

Nafarroako Hezkuntza kontseilariak berretsi du ordezkapenak 15 egun pasa ostean egingo direla; irakasleak, kexu

arantxa iraola
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
«Errietan egin digu». Expe Iriarte LAB sindikatuko ordezkariaren arabera, gogor mintzatu zitzaien atzo Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria alor horretan ordezkaritza duten sindikatuei. Bete gabeko lanpostuei buruz plazaratu izan dituzten hainbat daturen harira egin zien kontseilariak kritika: «gezurretan» aritzea egotzi zien. Hain justu, dagoeneko ikastetxeetako lantaldeak bere osotasunean beteta daudela azaldu zien; alegia, lan utzialdia, amatasun baimena, baimen eta antzekoengatik lanik egin gabe dauden maisu-maistra guztien lanpostuak beteta daudela. Sindikatuek aintzakotzat hartu dute gobernuaren azalpena, baina argi utzi nahi izan dute oraindik ezin izan dutela hori baieztatu. «Izan ere, guri kontseilariak esaten digu gezurtiak garela, baina gero bileratara ez du ekartzen daturik», kritikatu du Iriartek. Baieztatzen badute, elkarrekin erdietsitako «lorpena» izango dela ondorioztatu dute sindikatuek ohar bateratu batean.

Ikasturte osoan egin beharko diren ordezkapenen gaineko kezka ere helarazi zioten sindikatuek atzo Iribasi. Hezkuntza Departamentuak soilik langileak lan egiteari utzi eta handik 15 egunera bete asmo ditu hutsik geratuko diren lanpostuak, eta asmo horri eusten diotela adierazi zien atzo kontseilariak sindikatuetako ordezkariei. Guztiz bidegabea iruditzen zaie irakasleei. «Ezgai agiri gehienak laburragoak izaten dira; gripeak, lunbagoak eta antzekoak. Ondorioz, kasurik gehienetan irakasle ordezkorik ez da jarriko, eta gainerako irakasleek lan gehiago egin beharra ekarriko du horrek», azaldu du Iriartek. Horren ondorioz ikastetxeetako eguneroko funtzionamenduan arazo ugari sortuko diren susmoa dute, eta, horregatik, ordezkapenei buruzko informazio zehatza emateko esan diote Iribasi, segidan horren inguruan negoziatzeko.

EILAS sindikatuaren protesta

EILAS sindikatuak ere, ikasturte hasieraren harira, ohar bat plazaratu du, ustez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egunotan plazaratu dituen «ohiko gezurrak» ahotan hartuta. Iaz Jaurlaritzak murrizketak hasi zituela gogora ekarri dute, eta aurten are larriagoa dela egoera. «Aurreko guztia areagotu egin da; hartutako neurriak mantentzeaz gain, berriro matrikulatu dira ikasle gehiago, eta irakasle kopuruak ez du gora egin neurri berean. Gure lehen estimaziotan, matrikula berriari aurre egiteko bakarrik beste 350 irakasle gehiago behar dira. Non daude Hezkuntza Sailaren datuak?», galdera egin dute. Murrizketarik ez dela egongo esan du asteon Zelaak, baina hori gezurtatu nahi izan du EILASek.

Lanik egin ezinik dauden irakasleen ordezkapenek ere biziki kezkatzen dute EILAS. Nafarroako langileak bezalaxe, arduratuta daude gai horrekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako maisu-maistrak ere. «Joan den ikasturtean bezala, ordezkapenak atzerapenez betetzen jarraituko dutela dirudi, gehienak laugarren eta bosgarren egunetik aurrera. Jakina da, lehen ez bezala, egun horietako ordezkapenak ikastetxean bertan dauden irakasleek bete behar dituztela, beste lanak utzita. Eraso latza da hezkuntza kalitatearen kontra, eskola publikoa ahultzen eta pobretzen duena».

Kezka azaldu du irakasle ordezkoek abuztuaren 31n —«arratsaldez»— jakin zutelako zein ikastetxetan jardungo duten aurten lanean. «Ez al zenikasturtea irailaren 1ean hasi?», galdera egin du sindikatuak. Eta kritika egin dute: «Esleipena informatikoa izan arren, betiko arazoek jarraitzen dute: plazei buruzko informazio okerrak, existitzen ez direnak, gaizki eskainitakoak...».

Egunsektorean indarrean dagoen lan hitzarmena langileen gehiengo zabalaren iritziaren aurka izenpetu zela gogoratu dute, eta mesederik ez dakarrela azaldu dute. «Ez die galgarik jartzen neurri hauei; are gehiago, hauetako batzuk babestu egiten ditu». Hobetze aldera, lan itun berri bat behar dela esan dute, eta negoziatzeko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.