Iritsi dira 'Playa de Bakio' ontziko euskal arrantzaleak etxera

12:40an heldu dira Loiuko aireportura. Atzo gauean atera ziren Seychelleetatik eta gaur goizean heldu dira Madrilera Loiurako hegazkina hartzeko. "Oso nekatuta" daude, "tentsio handia" bizi izan ondoren.

2008ko apirilaren 30a
16:15
Entzun
Playa de Bakio Bermeoko (Bizkaia) atun itsasontziko bost euskal herritarrak gaur 12:40an iritsi dira Euskal Herrira, Loiuko (Bizkaia) aireportura. Ontziko zortzi galiziarrekin batera 7:15ean heldu dira Madrilera, Seychelleetatik -atzo abiatu ziren-, "oso nekatuta" iritsi ere, astebetez bahituta egon ostean Somaliako itsasertzetik milia batzuetara. Galiziarrak 11:30ean heldu dira Vigoko (Galizia) aireportura. Ontziko beste hamahiru arrantzale afrikarrak Seychelleetan geratu dira, oraingoz.

Euskal arrantzaleek Madrilen adierazi dute "tentsio handia" bizi izan dutela eta orain senideekin egon nahi dutela. Besteei "lasai" uzteko eskatu diete. Loiura heldu direnean, senideengana bideratu dituzte zuzenean. Familako kideekin batera zeuden, besteak beste, Paulino Luesma Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaria, Gonzalo Saez de Samaniego Eusko Jaularitzako Arrantza sailburua eta atun ontziko enpresako arduradunak. Marinelek, Bilbon zirela, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egindako lana eskertu dute, eta ez dute gehiago esan.

Madrilen, berriz, Elena Espinosa Espainiako Gobernuko Itsas ministroak hartu ditu. Borja Soroa Playa de Bakio armadorea ere han zen.

Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak eguerdian adierazi du exekutiboak "egin beharreko dena" egin duela marinelak askatzeko, eta hauen segurtasuna izan dela "lehentasuna". Ez du esan haiek aske uzteko dirurik ordaindu den.

Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburua pozik agertu zen eskifaiako 26 marinelak aske daudelako. Halaber, babes osoa agertu zien, haiek askatzeko egin diren negoziazioei. Haatik, kezka agertu zuen Indiako Ozeanoan arrantzan dauden Bizkaiko eta Gipuzkoako 22 arrantzontzien segurtasunaren inguruan. "Beldur gara berriro ere ez ote diren babesik gabe egongo".

Gogoratu zuen 2006an Indiako Ozeanora babes talde bat bidaltzea onartu zuela Espainiako Kongresuak, baina Espainiako Gobernuak ez du bidali.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.