Irailarekin batera itzuliko da BERRIAra ohiko Iritzia saila, baina berritua. Jira eta Bira, Hitz-etzanak, Larrepetit eta Zaldieroa berriz hasiko dira bihartik, eta, ohi bezala, Angel Erro eta Onintza Enbeita ariko dira jira-biran. Horiez gain, Larrepetit atalean, Goizalde Landabasok, Blanca Urgellek, Jaume Gelabertek, Nora Arbelbidek, Hedoi Etxartek eta Iñigo Aranbarrik idatziko dute; Samara Velteren lekua beteko du Arbelbidek urte amaierara arte.
Irailaren 15etik aurrera, berriz, Arkupean atala itzuliko da BERRIAko Iritzia saileko orrietara. Pauline Guelle, Ana Malagon eta Iraitz Agirre hasiko dira, eta orain arteko zutabegileei batuko zaizkie; Iñaki Galdosi eta Xabi Payari, Mikel Elorzari, Pilar Kaltzadari eta Elixabete Garmendiari, eta Jone Uriari.
Berritasunak izango dira Enbaxada bila atalean ere; Maria Obelleiro Nós Diario-ko zuzendariaren zutabea gehituko zaie Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariari eta Vicent Partal Vilaweb.cat atarikoari. Era berean, hilean behin argitaratuko da Anjel Lertxundiren ohiko narrazioa eta Eider Eibar eta Maite Mutuberriaren ilustrazioa.
Azkenik, komunikazioari buruzko zutabegintzan ere badira aldaketak. Miren Maniasen eta Mikel Alvarezen lekua beteko dute Juan Luis Zabalak telebista kritiketan eta Uxue Razkinek irratiari eta podcastei buruzkoetan.