Irlandako argazkiaren balioa goretsi dute ezker abertzaleak eta Lokarrik

Espainiari «lezioa» eman diote, Rufi Etxeberriaren ustez; hemen ere beharko litzateke, Riosen arabera

Erredakzioa
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Irlandako Iparraldeko gobernu autonomoko lehendakariorde eta Sinn Feineko bigarren buru Martin McGuinnes eta Erresuma Batuko erregina Elizabeth II.a elkarri bostekoa ematen ageri diren herenegungo argazkia Espainiak ikasi beharreko «lezioa» da, ezker abertzalearen ustez, eta etorkizunean hemen ere antzeko egoera batera iritsi beharko litzateke, Lokarriren arabera. Rufi Etxeberriak eta Paul Riosek goretsi egin dute Belfasten herenegun ikusitakoa.

«IRAk borroka armatua behin betiko alboratzeko hartutako erabaki historikoaren inguruan Britainiako Estatuak jokatu izan balu Espainiakoak eta Raxoi eta Zapateroren gobernuek jokatu bezala, nekez garatuko zatekeen irudi horri bidea eman dion bake eta normalizazio politikoko prozesua», azaldu zuen Etxeberriak, Kataluniako RAC1 irratian egin zioten elkarrizketan. Ezker abertzaleko ordezkariaren ustez, deitoragarria da ETAk ekintza armatu oro bertan behera utzi duenetik Euskal Herrian dagoeneko «borroka armaturik» ez dagoen arren «PSOEren eta PPren gobernu espainiarrek egoera horri, gobernu britainiarren ereduari ez jarraitu eta baikorki erantzun ez izana».

«Espainiako Gobernuak britainiarrek jokatu zuten bezala jokatuko balu, atzo [herenegun] Belfasten ikusitako irudiaren antzekoak ikusiko genituzke goiz edo berandu», nabarmendu zuen Etxeberriak.

«Irudi horren antzekoaren xedea izan behar dugu, ez antzeko protagonistak bilatzeko, irudikatzen duenarengatik baizik; hau da, duela hamar urte etsai porrokatuak zirenak orain gai direla elkarri bostekoa estutzeko», esan zuen Riosek atzo, Bilbon. «Elkar ezagutzaren eta errespetuaren irudia izan da, eta hori da gizarte moduan xede izan behar dugun etorkizuna: elkar ezagutzea, errespetatzea eta elkarbizitzako elementu komunak aurkitzea».

«Fokua» aldatu

Egungo testuinguruan «bake prozesua bertan behera geratzeko arriskua» dagoela uste du Lokarrik, eta korapiloak askatzeko paradigma aldaketa proposatu du: ETAren eta gobernuen hurrengo urratsei begira egon beharrean, fokua euskal gizartean jartzea, alegia, erakunde eta agente inplikatu guztiek bake prozesuari egin asmo dizkioten ekarpenak gizartearen eskakizunetara egokitzea.

Fokua euskal gizartean jarrita, hiru eskakizun egin ditu Lokarrik: gobernuek ETArekin harremanak hastea, ETAk desarmerantz eta disoluziorantz aurrera jotzea eta euskal presoek egindako mina aitortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.