EAJko presidente Andoni Ortuzarrek Europako erakundeei eskatu die bakea «balio gisa barneratzeko, kapitalizatzeko eta esportatzeko». «Euskadik eta Irlandak gure eskarmentua eskain dezakegu lan horretarako». Hitzok esan ditu Ostiral Santuko Akordioaren 20. urteurrenaren harira Bilbon eginiko mintegi batean —Sabino Arana fundazioak eta Europako Demokraten Institutuak antolatu du—. Han izan dira, besteak beste, Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahern; Ipar Irlandako Bake eta Adiskidetzerako Europako Batasunaren arduradun eta Irlandako Gobernuak Kolonbiara bidali duen aholkulari berezi Patrick Colgan; eta Rocco Caira kontsula.
Ortuzarrek, bere hitzaldian, bi herrialdeek «partekatzen dituzten ezaugarriak» azpimarratu ditu. «Krisi ekonomikoa atzean uzten ari gara, bi estatutan banatuta dauden bi nazio gara, eta azken mendeotan gertakari tragikoak bizi izan ditugu». EAJkoak bereziki gogoan izan ditu bi gatazketan izan diren «biktima guztiak; IRAk eta ETAk eragindako min bidegabea sufritu duten pertsona guztiak».
Ahern eta Colgan Euskal Herrian dira egunotan. Herenegun, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu zen lehen ministro ohia, Ajuria Enean; eta aholkulariak hitzaldi bat egin zuen legebiltzarreko bizikidetza lantaldean. Atzo, Bilbon izan ziren biak. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegirekin eta Sortuko Urko Aiartzarekin gosaldu zuen Ahernek. Eta Ortuzarrek Sabin Etxean hartu zuen. Irlandako agintari horrek gertutik erreparatu dio Euskal Herriko bake prozesuari: Aieteko topaketan izan zen 2011n, eta Kanboko Arnaga Etxekoan izan berri da. Sabino Arana fundazioan emandako hitzaldian, dena den, brexita-z aritu da. Ohartarazi du «beste zatiketa bat» eragin dezakeela horrek irlandarren bizikidetzan.
Ahern eta Ortuzarrekin batera, fundazioko presidente Juan Mari Atutxak ere hitz egin du. Gogoratu du bera Jaurlaritzan zenean —Herrizaingo sailburu— sinatu zirela Irlandako bake akordioak, eta horrek «ilusioa eta itxaropena» ekarri zuela Euskal Herrira. Damu agertu da, baina, ordutik urte asko pasatu direlako ETA desegin arte. Horren harira, adierazi du «iraganeko zauriak» ixteko beharrezkoa izango dela «denon autokritika eta konpromiso aktibo eta ausarta», eta nabarmendu du bizikidetza ezin dela izan «ideia jakin batzuen uko egitea».
PP eta Ibarretxeren itzala
Atzo, beste alderdietako buruzagiek ere hizpide izan zuten gaia. Sortuko Arkaitz Rodriguez, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, «autokritikaren» alde agertu zen, baina hori egiteko eskatu zien EAJ, PSE-EE eta PPko kideei ere; bereziki, euskal presoen urruntze politikan eta torturen auzian dituzten «erantzukizunengatik». PPko Alfonso Alonsok, berriz, zerga politikaz hitz egiteko ekitaldi batean, azaldu zuen beraiek prest daudela bakegintzan «urratsak» egiteko, baina ohartarazi zuen bide hori «arriskuan» jar daitekeela alderdiak orain «Ibarretxeren garaiko eztabaidetan» murgiltzen badira.
Legebiltzarreko bizikidetza lantaldean ere hitz egin zuten gaiaz, atzo, Gema Varona kriminologoak, Iñaki Egaña Euskal Memoria fundazioko presidenteak eta Tasio Arrizabalaga Egiari Zor elkarteko kideak. Ateak itxita egin ziren mintzaldiak, eta gero ez zuten adierazpenik egin.
Urkullu lehendakariak, berriz, mintegi baterako hitzaldian, esan zuen agintarien «erronka etiko» nagusia dela biktima denen mina konpontzea, «baita presoena eta haien senideena ere».
Irlandako ispiluari begira
EAJk bake akordioak gogoratu ditu. Juan Mari Atutxak «autokritika ausartak» galdegin ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu