Arabako Batzar Nagusiak

Irma Basterra jeltzalea hautatu dute Arabako Batzar Nagusietako presidente

Gaur goizean eratu dira Arabako Batzar Nagusiak. Hauteskundeen ondoren egin beharreko lehen urratsa da, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusi berriaren inbestiduraren aurretik.

Irma Basterra. BERRIA
Edurne Begiristain.
2023ko ekainaren 19a
12:06
Entzun

Arabako Batzar Nagusiak eratu dituzte gaur goizean, eta, hala, hasiera eman diote hamabigarren legealdiari. Irma Basterra jeltzalea aukeratu dute mahaiko presidente, EAJko eta PSEko batzarkide taldeen botoekin. Pedro Elosegi jeltzaleak azken zortzi urteotan bete duen postua hartuko du Basterrak. Datorren ostegunean beste bilkura bat egingo dute, eta orduan zehaztuko dute zer egunetan aukeratuko duten ahaldun nagusia. Gehienez ere 30 eguneko epea dute horretarako.

Basterra «harro» agertu da izendapenaz: «Ohorea da. Lanean jarraituko dut gure alde borrokatu ziren emakumeen legatuaren alde».

Voxek ez gainerako taldeek ordezkari bana izan dute mahaian. Lehen presidenteordetza Eva Jimenezen esku geratu da (PSE), bere taldearen eta EAJren botoak jasota. Joan den legealdian lehen idazkaria zen Jimenez. Bigarren presidenteordetza Nerea Martinez EH Bilduko batzarkidearentzat izan da –EH Bilduren eta Elkarrekin Bilduren botoak jaso ditu–. Azkenik, bi idazkaritzak Jose Damian Garciak (Elkarrekin) eta Miguel Garnikak (PP) beteko dituzte. Lehenengoak bere taldearen eta EH Bilduren botoak jaso ditu, eta Garnikak bere taldearenak bakarrik. EAJk eta PSEk ez dute hautagaitzarik aurkeztu, eta boto zuria eman dute.

Jonathan Romerok, Voxeko batzarkide bakarrak, mahaiaren postu guztietarako aurkeztu du bere burua. Guztietan boto bakarra jaso du: berea. Mahaian ordezkaritzarik ez duen talde bakarra da.

«Aukera galdua»

Ondoren egindako agerraldian, Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du EAJk eta PSEk aukera galdu dutela «Arabaren norabidea aldatzeko, lurraldearentzat paralizatzailea den ituna berreginda». Lopez de Arroiabek gogorarazi du maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzek agerian uzten dutela «ziklo politiko berri bat hasi» dela Araban; izan ere, datorren legegintzaldian EAJk eta PSEk ez dute gehiengo osorik izango, eta, aurreko legealdian ez bezala, akordioak lortu beharko dituzte oposizioko taldeekin.

Bizkaiko Batzar Nagusiak eratzeko bilkura, berriz, ostegunean egingo dute. Gehiengo absolutuz aukeratu beharko dute Mahaiko presidentea, eta, inork hori lortuko ez balu, boto gehien duten bi hautagaien artean aukeratu beharko dute. Bizkaian ere, Elixabete Etxanobe jeltzaleak ez du arazorik izango ahaldun nagusiaren kargua eskuratzeko, PSE-EErekin akordioa eginda.

Gipuzkoan, berriz, Elkarrekin Podemoseko bi batzarkideek gaur hartu dituzte akreditazioak. Espero da Batzar Nagusiak osatzeko saioa ekain amaieran egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.