Ezinbestekoa, funtsezkoa, giltzarria ere bada presoen parte hartzea gatazka politikoen konponbideetan, Joseph Doherty irlandarraren eta Robert McBride hegoafrikarraren ustez. Irlandako eta Hegoafrikako bake prozesuen hastapenak espetxean bizi izan zituzten biek, beren herrietako konponbideen parte izan ziren, eta egunotan Euskal Herrian izan dira. «Ia zientifikoa da», dio McBridek: «Datuek erakusten dute. Gatazka politiko bat konponduko bada, ezinbestekoa da preso politikoek parte hartzea».Hala ez egitea zentzubakoa litzatekeela dio, gainera. «Arazo politiko bat konpontzeko edozein saiotan preso politikoak bazterrean uzteak ez luke zentzurik izango; ez litzateke benetako saioa izango».
Euskal Herrian ere konponbidea lortzen saiatu dadin lagundu nahi dute, euren esperientziak kontatuta. «Adimena irekitzeko, bihotzak zabaltzeko eta etorkizun hobe baterako ikuspegiz aritzeko» gomendatzen du, hartarako, Dohertyk. Ipar Irlandan, prozesua hasi eta 13 urte geroago, oraindik, hartutako bidean jarraitzeko aurkitzen duen arrazoiari eusteko ere aholkatzen du: «Guztiok konbentzitzea ez dugula gatazkara itzuli behar; denontzat dela hobea gatazkarik gabeko egoera, elkarbizitza».
Gainontzekoei ere beste esperientziei erreparatzeko eskatu die, «Madril, biktimen elkarteak eta abar» aipatuta. «Ikasgai baliagarriak jaso ditzakete: kontutan hartu behar dute gerran zeuden gizarteak zirela gureak ere; pentsa dezatela nola bizi ginen prozesuen aurretik, zein egoera bizi dugun orain, eta zer egin genuen bide hori hartzeko».
Euren esperientzia pertsonalak kontatu dituzte, egoera zailetan ere konponbidea lor daitekeela eta bide hori egiteak merezi duela ohartarazteko. Doherty irlandarra 24 urtez izanzuten preso. 15 urte zituela IRA talde armatuan sartu zen eta 17 urte bete zituen egunean atxilotu zuten. Ordura arte hainbat pertsona hil zituela onartzen du, lasaitasunez.
90. hamarkada hasieran, bera preso zutela, hasi ziren Ipar Irlandako bake prozesuaren lehen oinarriak astintzen. «Mugimendu errepublikano irlandarrak eztabaida abiatu zuen borroka armatuarekin jarraitzearen egokitasunari buruz. Eztabaida hori espetxe barruetan ere eman zen, eta erabaki zen gatazka armatuari alternatiba bat ematea». 1995. urtean «gerraren amaiera aldebakarra» iragarri, eta Gobernu britainiarrari jakinarazi zioten «gatazka armatua amaitzeko aukera zela».
Abiatzeko eta mantentzeko
Errepublikanoek hartutako erabakia «oso konplexua eta oso zaila» izan zela dio Dohertyk: «Gobernu britainiarrarengan konfiantza izatea eskatzen zuen». Eta presoek erabakian parte hartu izanak berebiziko garrantzia izan zuela dio; erabakiak sendoa izan behar zuenez guztien parte hartzea ezinbestekoa zen, hala izan ezean barne zatiketa gerta zitekeelako, eta horrek, prozesua bera haustea ekar lezakeelako.
«Gobernu britainiarrak ere onartu zuen preso politikoak oinarrizkoak direla bake prozesuetan. Funtsezkoak dira, ez soilik prozesua abiatzeko; baita bake prozesu hori mantendu dadin ere. Giltzarria da. Konponbideak alde guztiak barnebildu behar ditu ezinbestean», dio Dohertyk.
Egun, gatazkaren ondorioen gainean lanean jarraitzen du. Hamar urte darama preso ohi loyalistekin elkarlanean. Hasieran elkarren ondoan egoteko gai ere ez ziren arren, komunean dutenak mantendu ditu elkarrekin beste garai batean elkarri tiroka aritu zirenak: «Ez gaude prest iragan hartara itzuli, eta datozen belaunaldiei egoera hura uzteko».
Gobernu britainiarrak onartu zuena Espainiako Gobernuak ere onartuko duen ustea du Dohertyk: «Euskal herritarren identitatea eta gatazka konpontzeko beharra». Negoziaziorako gunea sortuko duela ere badio. Alderdi guztiek parte hartuko dutela bertan, eta «preso politikoek ere prozesuan parte hartzeko gunea» sortuko duela.
Are indar handiagoa egiten du hegoafrikarrak presoen parte hartzearen garrantzia nabarmentzeko. Ez da kasualitatea, Hegoafrikako apartheid egoerak sortutako gatazkaren konponbiderako prozesua espetxean bertan sortu baitzen. «Preso politikoen zeregina ezin da zalantzan jarri. Bake prozesuaren egitura kartzeletan sortu zen Hegoafrikan, Nelson Mandelaren eskutik».
Espetxean zen McBride, MK talde armatuko kide zela egindako atentatuengatik heriotza zigorra zuela. Heriotzaren korridorean zen, Mandela aterabiderako pausoak ematen hasi, eta presoek gatazkaren konponbiderako proposamena egin zutenean.
Gatazka konpontzeko negoziazioak hasi zirenean, presoak kaleratzen hasi izanak haserrealdiak eragin zituela azaltzen du McBridek. Besteak beste biktimen protestak eragin zituela, eta, presoen artean ere «ezinegona» eragin zuela. Izan ere, ez zituzten, hasiera batetan, preso guztiak askatu. Bere kasuan, esaterako, heriotzaren korridoretik atera zuten, baina bizi arteko zigorra ezarri zioten. «Espetxean hilko nintzen».
Presoen artean kezka eragin zuen egoerak. Eztabaidak eta ezinegona. Eta, krisialdi une horietan, komunikazioa funtsezkoa izan zela dio preso ohiak; bai presoen arteko eztabaidak, eta bai kaletik espetxeetara joaten zirenekiko elkarrizketak. Gobernuak presoei bere alderdiko buruzagiekin hitz egiteko aukera eman zien, eta horrek berebiziko garrantzia izan zuen prozesuak aurrera egin zezan, negoziazioetan ari zirenek, presoei egoeraren berri zuzenean eman, eta haien iritziak jasotzen baitzituzten.
McBrideren hitzetan, horri esker ez zen hautsi prozesua; presoen parte hartze egonkorrari esker. Prozesuak aurrera egin, eta kartzelan zituzten guztiak kaleratu zituzten ondoren. McBride 1992an askatu zuten bere ekintzak «ekintza politikotzat» jo zituztenean. Ondoren, Egia eta Berradiskidetzerako Batzordeak amnistia eman zion, eta Hegoafrikako gobernuan hainbat kargu izan ditu ordutik.
Irlandako prozesuan ere aktiboki parte hartu du hegoafrikarrak, eta argi du ikasgaia: presoen parte hartzerik gabe ez dago konponbiderik. «Zientifikoa da ia; aukeratu nahi duzun gatazka eta esaidazu preso politikoak bazterrean utzita konpondu den bakar bat. Ez duzu aurkituko».
Bake prozesuak. Preso politikoen parte-hartzea
Irtenbiderako funtsezko hitza
Preso politikoen parte hartzea ezinbestekoa da gatazka politikoen konponbiderako, Joseph Doherty eta Robert McBride preso ohi irlandarraren eta hegoafrikarraren esanetan; «datuek erakusten dute, zientifikoa da ia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu