Eduardo Zubia. Astrofisikaria

«Irudi artifizialak dira sarri, baina informazio asko ematen dutenak»

Izarrei so, unibertsoaren sekretuen bila, egiten diren argazkiez mintzatu da berriki, hitzaldi batean; onartu du usu irudien edertasunaren eta egiazkotasunaren arteko dema izaten dela.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2016ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Aranzadi zientzia elkartearen egoitzan —astronomia taldeko zuzendaria da— egin du solaserako bidea Eduardo Zubia astrofisikariak (Donostia, 1967), teleskopio zaharren artean, elkarteko hainbat kidek izarretara begira egindako argazkiak esku artean dituela. Berriki, Donostiako Okendo kultur etxean astronomia irudien inguruan egindako hitzaldi sorta batean aritu da. Argazki horiek — aski ederrak usu— irudikatzen ere zail den errealitate urruneko bat zenbateraino islatzen duten azaldu du.

Galaxia urrun bateko argazkia, edo planetaren bati egindakoa. Zenbateraino erakusten dute benetan nolakoak diren?

Benetako irudi erreala zuk begien bistaz ikusten duzun horixe izaten da; hortik aurrerakoak eraikidurak izaten dira, abstrakzioak.

Adibide bat jartzearren, Hubble teleskopioak egiten dituen argazki txundigarri horiek zenbateraino dira begien bista ikus daitekeenaren erakusgarri?

Ez dira irudi errealistak. Esaterako, koloreak aldatuta daude helburu zientifikoekin, aintzat hartzen baitira hainbat atomoren emisioak: sufrearena, oxigenoarena, hidrogenoarena... Eta oxigenoaren eta hidrogenoaren emisioek, adibidez, ia kolore bera dute, eta, beraz, kolore aldaketak egiten dira. Beraz, irudia ez da errealista, baina informazio zientifiko handia ematen du, bestela atzeman ezingo litzatekeena. Horregatik, era horretako irudi bat ikusten den bakoitzean pentsatu egin behar da nola dagoen eginda, eta zer-nolako funtzioa duen arrazoibide zientifikoan.

Teknologiak zenbat erraztu du argazki gero eta hobeak egitea?

Asko. Gaur egun, gainera, irudiez gain, izarrek igortzen duten argia neurtzera egiten da, eta konposizio kimikoa ere bai. Are gehiago, X izpiak eta infragorri eta antzekoak ere atzematen dira; berez, izpi horien argazki bat egitea artifiziala da, gure begiek ez dituzte ikusten, baina egiten diren irudietan agertzen da informazio hori, eta datu errealak dira. Irudi artifizialak dira sarri, baina informazio asko ematen dutenak; ez dago munduan bizidunik horiek guztiak ikusteko gai, baina irudietan agertzen da informazioa.

Irudi aski ederrak izaten dira askotan: txundigarriak. Zientziarenaren gainetik edertasunaren irizpidea nagusitzen da inoiz?

Bada jendea ahalik eta irudi estetikoena lortzen saiatzen dena, kolore politenak dituena; beste batzuk, berriz, irizpide etikoagoa dute, ahalik eta irudi errealenak egiten saiatzen dira, beti elaborazio teknologiko bat izango badira ere. Nolanahi ere, aintzakotzat hartu beharreko aldagai bat da edertasunarena; zientzialariek, onartu nahi ez badute ere, seguru izan dituztela emozio estetikoak lortu dituzten irudien aurrean. Zientzian usu ez da hitz egiten gaiaz, baina kontuan hartu behar da. Zientzialariok ere pertsonak gara, eta emozioak ditugu. Hemen, Aranzadin argazki klase hauek egiten diharduten zaleen artean debate sutsuak daude gai horren inguruan, eta inoiz amaitzen ez den eztabaida mota horietako bat da.

Zaletasun handia dago era horretako argazkiak egiteko?

Hiruzpalau lagun baditugu hemen, Aranzadin, egun oskarbi bat ateratzen den aldiro ekipoak hartu eta argazkiak egiten saiatzen direnak; Gipuzkoan bertan aritzen dira, edo Nafarroara ere joaten dira zenbaitetan. Aranzadin elkarren ondoan jarduteko aukera ematen diegu, eta, hartara, esperientziak trukatzekoa. Ikasketaz ez dira zientzialariak usu, baina zaletasun handia dute. Tripode bat eta kamera digital bat aski dira bidean abiatzeko.

Nebulosa, galaxia eta antzekoei argazkiak egiteko orduan egin beharko dira, seguruenera, moldaketa handienak, ezta?

Era horretako argazki bat egitean,irudia atzemateko ordu bat edo bi behar dituzu, eta gutxienean lau inguru prozesatzeko: zarata kendu, eremu gainezkatuak apaldu, kolorearekin jokatu... Eta itxura bat emateko: naturala, edo polita. Bilatzen duzunaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.