El País-ek gaurko egunkarian Inecoren txosten batean oinarritzen du informazioa. Ineco Espainiako Sustapen Ministerioaren kontsultora bat da, eta distantzia erdiko hainbat zerbitzu kentzea gomendatu dio, tartean Iruñea eta Castejon artekoa. El País-en arabera 24.985 bidaiarik erabiltzen dute urtean zerbitzu hori urtean. Gainera, Castejon eta Zaragoza (Espania) lotzen dituena ere kentzea proposatu du. Renferen beste 48 zerbitzurekin batera, "ez eraginkortzat" ditu zerbitzu horiek.
Ikusteko dago orain nola eragiten dion horrek Nafarroako trenbide sareari. UPNk aurreko astean onartu zuen AHTa soilik Iruñea eta Castejon artean egitea, eta Castejon eta Zaragoza arteko lotura eta Iruñea eta Gasteiz artekoa egungo trenbidea moldatuz egitea aurreikusten zuten. Renfek distantzia erdiko zerbitzua kentzen badu, ordea, ikusteke dago zertan geratuko den asmo hori. Izan ere, Euskal Y-a bezala, Iruñea eta Castejon arteko AHTaren zatia ere isolatuta geratu daiteke Zaragozarekin behar bezala, hirugarren errailarekin, lotzen ez bada.