Irungo Udala izan da kexatzen lehena. Espainiako Gobernuak Astigarraga eta Irun bitarteko AHT proiektuan egindako aldaketek geltokirik gabe utzi dute hiria, eta udala kezkatuta dago horrekin.
Miguel Angel Paez Irungo Ingurumen zinegotziak iragarri du hainbat zuzenketa jarriko dizkiotela proiektu berriari. Besteak beste, Irunen tren geltokirik ez egitea gaitzetsi du udalak. Aldi berean, ingurumenean proiektu berriak «kalte handiagoa» egingo duela uste du, besteak beste, Oialakineta inguruan eta Olaberria eta Ibarla ibarretan.
Hain zuzen ere, Irungo Udalak uste du kalte handia egingo dutela jatorrizko proiektuak aurreikusten ez zituen zubibide berriek. Sustapen Ministerioak kontrakoa dio. Izan ere, ibilbide berriak lur gutxiago okupatuko duela agindu du. «Okupatutako lur zatia, lur mugimenduak, eta, azken finean, obra zibilaren tamaina txikiagoa da. Hala, ingurumenean eragin txikiagoa izango du, besteak beste, geologian,hidrologian, edafologian, landaredian eta faunan». Aldi berean, tunel gehiago izango denez, paisaian eragin txikiagoa izango duela uste du.
Frantziaren zalantzak
Ekainaren bukaeran argituko du Frantziak tren lasterraren inguruan hartuko duen jarrera. Jakina denez, garraio azpiegituren eskema nazionalean dituen 70 proiektuetatik batzuk baztertu egingo ditu, diru faltan. Horretarako, txosten bat egiteko eskatu dio Jean-Louis Bianco Garraio ministro ohiak buru duen Mugikortasun 21 batzordeari. Batzorde horrek eskatuko dio estatuari Bordele-Tolosa zatia lehenesteko Bordele-Hendaiaren aurretik. Batzordearen txostena ez da loteslea izango, aholku mailakoa baizik. Edonola ere, Biancorena ez da gobernuak mahai gainean izango duen ondorio bereko txosten bakarra. Jacques Auxiette Frantziako Eskualdeetako Garraio eta Azpiegituretako Batzordeko lehendakariak ere txosten bat bidali dio gobernuari, antzeko gomendioekin.
Irun kexu da, eta Parisek ekainean argituko du Lapurdiko zatia egingo duen
Irungo Udalaren arabera, hiria baztertzeaz gain, kalte handiagoa egingo du ingurumenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu