Iruñeko eta Tuterako elizbarrutiak gaur goizean aurkeztu du adingabeak eta bazterketa egoeran daudenak babesteko batzordea. Batzordea mediku psikiatra batek, biktimen arretarako profesional batek eta bi abokatuk osatuko dute.
Prentsa aitzinean egindako agerraldian adierazi dutenez, batzordearen helburua izanen da abusuak jasan dituzten “biktima guztiak” artatzea, erasotzailea nor izan den eta erasoa non izan den kontuan hartu gabe. Gaineratu dute Nafarroako gizarte osoari zuzenduriko zerbitzu bat dela eta helburua izanen dela anitzetan ezkutuan gelditzen den biolentzia azaleratzea eta elizak biolentzia horren aurka duen "konpromisoa" erakustea.
Adierazi dute batzordea sentsibilizaziora bideratua egonen dela: “Arazoaren kontzientzia izatea beharrezkoa da. Horretarako, adingabeekin lanean aritzen direnei formakuntza emango diegu, abusuak detektatzen ikas dezaten”. Artzapezpikutzatik adierazi dutenez, formakuntza hori denbora libreko begiraleek, katekistek, apaizek, seminaristek eta oro har adingabeekin lanean ari diren profesionalek jasoko dute.
Biktimak artatzeko protokoloaren berri ere eman dute agerraldian. Adierazi dutenez, biktima entzutea izanen da lehen urratsa, eta, hortik aitzinera, biktimek laguntza terapeutikoa, espirituala eta juridikoa jasoko dute.
Salatutako 30 sexu abusu
Azken hilabeteetan, Nafarroako hainbat ikastetxetan 1950eko hamarkadatik 1990eko hamarkadara izandako 30 sexu abusu salatu dira. Salaketa horiek denak, ordea, artxibatu egin dituzte, delituak preskribatu egin direlako edo abusuen arduradunak hil direlako.
Jose Luis Perez izan zen lehena urratsa egiten. Duela sei urte, egoera jasan ezinik, haren anaiak bere buruaz beste egin zuen, eta hil osteko gutuna irakurrita jakin zuen hark ere abusuak jasan zituela Garesko Erreparazioko Aiten ikastetxean. Perezek iazko martxoan eman zuen lekukotza irratsaio batean, eta, lehen kasuaren ondotik, azken hilabeteetan 30 kasu azaleratu dira.
Biktimak batu eta elkarte bat sortu dute, elkar babesteko. Iazko urrian eta aurtengo urtarrilean parlamentuan izan ziren, testigantzak ematen. Elizako goi organoetan konfiantza gutxi dutela adierazi zuten orduan, eta Nafarroako Elizan topatu dituzten eragozpenen berri ere eman zuten. Urtarrilean parlamentuan egindako agerraldian, Jose Luis Azpilikueta elkarteko kideak azpimarratu zuen salaketak jartzen jarraituko dutela, «behingoz inork gaiari hel diezaion». Ziur daude 1950eko hamarkadatik 1990ekora «pederastia kasu kopuru handia» gertatu zela: «Salatzen ez dena ez da ezagutzen. Jendeak dakien hori soilik existitzen da. Salaketarik gabe, ez genuke jakingo zer gertatu den», adierazi zuen.