Iruñeko istiluen ondorioz, beste 12 gazte inputatu ditu Lamelak

Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean, aske utzi dituzte. Sortuk Iruñean ikertzea eskatu du

joxerra senar
Iruñea
2017ko urriaren 31
00:00
Entzun
Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ikertuen zerrenda zabaldu du. Orain arte martxoaren 11n Iruñean izandako istiluengatik Errenteriako hiru gazte zeuden inputatuta, eta oraindik espetxean jarraitzen dute. Atzo, berriz, ikertu gisa beste hamabi gazte deitu zituen deklaratzera. Martxoaren 11n Espainiako Poliziak identifikatu egin zituen, eta, epaitegiko iturriek Eferi egindako adierazpenen arabera, egun hartako istiluen egile izatea leporatzen diete. Deklaratu ostean, aske utzi zituzten hamabi gazteak.

Lamelak oraindik ez du zehaztu zer leporatzen dien, baina espetxean jarraitzen duten Errenteriako hiru gazteei terrorismo delitua, desordena publikoa, lesioak, sutea eta eraso egitea leporatzen diete. Hain justu horregatik, auzia bere gain hartu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Deklaratu zuten hamabi gazteetatik bost nafarrak dira. Hain justu, gazteekiko elkartasunez kalejira antolatu zuten arratsaldean Iruñeko Nabarreria plazan.

Eleak-en salaketa

Gazteok deklaratzera deitzea kritikatu zuen Eleak elkarteak. Azpimarratu zuen beste bost adingabe hurrengo egunetan deituko dituztela deklaratzera. «Gogor salatu nahi ditugu herritarrok eskubide zibil eta politikoak behin eta berriz urratzen dituzten auzitegi hauek. Estatuak epaiketa politikoekin jarraitzea erabaki duela adierazten du».

Era berean, Sortuk gogor salatu zuen Lamelak egindako urratsa. Egun ikertu gisa espetxean daude gazte guztiak kargurik gabe libre uzteko eta auzibidea Iruñeko epaitegietara itzultzeko exijitu zuen. «Espainiako gaizki deituriko justiziaren neurri bitasuna salatzen dugu. Altsasukoek bezala zigor neurrigabeei egin behar diete aurre; bitartean, kalean lasai aski dabiltza estatu terrorismoaren arduradunak, torturatzaileak edo ehunka politikari ustel».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.