Iruñeko Sarasate pasealekuak gainezka egin du eguerdiko ekitaldian. Iruñeko auzoetatik eta inguruko herrietatik zutabeetan igo dira Alde Zaharrera. Ekitaldia hogei minutuko atzerapenarekin hasi da, batukadaren erritmoari jarraiki. Greba orokorraren aldeko oihuak aditu dira, eta Nafarroako emakumeak zoriondu dituzte, greba "historikoa" izaten ari delako. Ez dute zenbakiekin kontatuko jarraipena, greba egiteko modu guziak aintzat hartzeko. Bertsoetarako tarterik ere izan da, eta Iruñeko dantzariek egunerako propio prestatutako soka-dantza egin dute. Arratsaldean eginen dute manifestazio nagusia, 20:00etan, Gazteluko plazatik abiatuta.
Ekitaldia bukatu ondoren, Corte Ingles saltokira itzuli dira, batukada lagun. Espainiako poliziak atean jarraitzen zuen, baina, hala ere, eraikina inguratu dute. Ondoren, trafikoa moztu dute Bakearen plazan, errepidean eserita: "Bakearen plaza okupatu dugu, bizi duguna ez baita gure bakea". Hiriburutik kanpo, elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Nafarroako beste herri batzuetan ere: Leitzan, Zangozan, Tafallan, Tuteran, Lodosan... Toki batzuetan manifestazioak egin dituzte: Elizondon jende askok parte hartu du kalejira koloretsuan eta Lizarran ere manifestazio jendetsua egin dute.
Bertsoen ostean, dantzarien txanda da #M8#M8planto@berriapic.twitter.com/pLXqZiV9Fy
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) 2018(e)ko martxoak 8
Piketeak Iruñean
Gauerdian abiatu da greba feminista Nafarroako hiriburuan. Emakume anitz kazolak eskuan atera dira martxoaren 8ko lehenbiziko orduetan ere haien eskubideak aldarrikatzeko. Goizean, hiriburuko dendetara jo dute hainbat emakume taldek osatutako piketeek. Iruñeko Alde Zaharrean itxita daude Katakrak eta Paris 365, baina irekita frankiziak. Corte Inglesen tentsio uneak izan dira. Espainiako polizia saltokiko sarreretan dago emakumeen sarrera galarazten. Nafarroako Parlamentuan sartzen saiatu dira baita ere, baina foruzainek ez diete utzi. Pikete horretan Laura Perez parlamentaria ere bazegoen. Nafarroako Enpresarien Elkartean eta Espainiako ordezkaritzan ere poliziarekin egin dute topo. Baluarte jauregira bai, sartu dira. Lanbide feria dago barruan, eta grebaren aldeko oihuak egin dituzte. Ikuspuntu jaialdia ere egiten ari dira han, eta han zirenek txaloekin hartu dituzte grebalariak. Eguerdian izanen da ekitaldi nagusia Sarasate pasealekuan.
Istiluak Corte Inglesen. Espainiako Poliziak eta segurtasun pribatuak ez die sartzen utzi. Bultzaka hasi dira @berria#M8#m8plantopic.twitter.com/WVbP4ijq75
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) 2018(e)ko martxoak 8
Instituzioen mezuak
"Dudarik gabe, planeta osoan emakumeek bizi duten bereizkeria argiaren aurrean paroak egiteko motiboak badaude". Hala mintzatu da Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria. 11:00etan parlamentuak deitu duen elkarretaratzean egonen da, baina eginen du besterik: "Agenda bertan behera utzi dut eta etxean zerbitzu greba eginen dut. Etxean oso argi dute hau: zaintza greba". Iruñeko Udaleko zinegotziak ere kalera atera dira, eta bi erloju handi paratu dituzte udaletxeko atarian. Manifestua Laura Berro eta Patricia Perales zinegotziek ez ezik, Carolina Azanza garbitzaileak ere irakurri du: "Denbora pobrezia bizi dugu emakumeok".
Paroak lantokietan
Nafarroako luze zabalean emakume anitzek greba egin dute. Erriberan, adibidez, San Adriango General Mills enpresako emakumeek lanuztea egin dute. Iparraldean, Baztango Udaleko eta Leitzako Udaleko langileek ere emakumeen eguneko plantoarekin bat egin dute, besteak beste. Erdialdean ere paroak egin dituzte; adibidez, Lizarrako Abokatuen Elkargoan ez dute lanik egin, ezta Arbizuko Kattuka haur eskolan ere. Iruñerriko billabesak gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira: %60koak puntako orduetan eta %40koak gainerakoetan. Gauean, azkenengo bidaia eskainiko du TCC-k. Dena den, gaurko deialdia ez da soilik lantokietara mugatzen. Kontsumo eta zaintza greba ere deitu du mugimendu feministak.
Kalean babesa
Nafarroa osoan ikus daitezke greba feministaren aldeko pintaketak, pankartak eta afixak. Zugarramurdin etxe anitzetan mandarrak paratu dituzte atarian. Barañainen ere mandarrak leiho batzuetan, eta pankartak han eta hemen. Supermerkatuetan grebaren aldeko pegatinak paratu dituzte. Altsasun etxeko lanak plazara atera dituzte, kaleak zartagiekin, panpinekin eta mandarrekin atonduz. Donezteben kazolak eskuan hartu dituzte goizean, eta kalejira zaratatsua egin dute emakumeek. Zizurko mugimendu feministak salatu du udaltzainek pankartak kendu dituztela. Leitzan emakume batek bozgorailuak paratu ditu autoaren gainean, grebarako deia lau haizeetara zabalduz. Ez da autoa hartu duen bakarra izan; Aezkoa eta Erroibarren auto karabanak egin dituzte emakumeek, herriz herri haien aldarriak plazaratzeko. Lizarran informazioa banatzeko mahaia jarri dute Nafarroa Behereko kalean. Irudi bitxiak ere utzi ditu egunak; adibidez, Iruñeko entzierroaren estatuan ageri diren gizon korrikalariei mandarrak paratu dizkiete.
(Zugarramurdi)
— Emakumeok* Planto! (@NafarroakoM8) 2018(e)ko martxoak 8
Amantalak herriko xoko guzitan!
Delantales en todos los rincones!#M8planto@M8EuskalHerriapic.twitter.com/hnl3MAntTU
Ikastetxeetan planto
Nafarroako ikastetxeetan ere antzeman da greba feminista. Nafarroako Unibertsitate Publikoan itxialdia egin dute gauean, eta goizean goiz hasi dira piketeak: 4:30ean. Ondoren Sarasate pasealekuko manifestaziora joan dira kalejiran. NUPen bezala, hainbat institututan emakumeak ez dira eskoletara agertu, eta hainbat jarduera antolatu dituzte ikastetxeetako jolastokian zein inguruetan. Protestarekin bat egin duten ikasleen artean, Iturrama, Eunate, Biurdana (Iruñea), Alaitz (Barañain), Paz de Ziganda (Atarrabia), Iñigo Aritza (Altsasu) eta Lizarraldea (Lizarra) institutuetakoak daude.
Kontsumo greba
Eguerdian bazkari autogestionatuak antolatu ditu mugimendu feministak Nafarroako luze zabalean. Izan ere, kontsumo greba ere bada gaurkoa, beraz, herri batzuetan nork bere janaria eraman du bazkarietara. Hala egin dute, besteak beste, Iruñean, Altsasun, Lizarran eta Agoitzen.
[LIZARRA]
— Emakumeok* Planto! (@NafarroakoM8) 2018(e)ko martxoak 8
Emakumeon bazkari autogestionatua.
Comida autogestionada de mujeres.#emakumeokPlanto#NosorasParamospic.twitter.com/nK26t21fZS