Iruñeko Udalak beste bi haur eskolatan jarriko du euskarazko irakaskuntza

Euskarazko EGA maila beharko duten 26 lanpostu berri sortu eta oraingo langileak birkokatuko dituzte. Euskalgintzaren eta gurasoen eskaria izan da postuak gehitzea

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2016ko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aspaldiko eskaerari erantzuten hasi da azkenean Iruñeko Udala. Auzo guztietan euskarazko haur eskolak egon zitezen hamaika mobilizazio egin izan dituzte gurasoek, sindikatuek eta euskalgintzak, besteak beste, baina azken hogei urteotan hamazazpi haur eskoletatik bitan soilik zegoen euskarazko eskaintza. Datorren ikasturtetik aurrera, beste bi haur eskola hasiko dira aukera hori ematen: Donibane eta Arrosadiko Printzearen Harresi. Iñigo Anaut udaleko giza baliabidetako arduradunak baieztatu du euskarazko EGA maila duten 26 lanpostu berri sortu ez ezik oraingo langileak beste lanpostu batean ere jarriko dituztela, inor kaleratu gabe.

Iruñeko udal gobernua osatzen duten lau alderdien artean —EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra— hartu dute erabakia. Hala, 164tik 378ra igoko dira euskarazko postuak; eskaintza osoaren %24. Maider Beloki Iruñeko Kultura zinegotziak esan du herritarren «benetako eskaerari» erantzun nahi diotela. Izan ere, 2014-2015eko ikasturtean %26k egin zuten D ereduaren alde Lehen Hezkuntzan. Horrez gain, euskalgintzaren arabera, azken bi urteetan haur eskoletan euskaraz izena emateko ia 500 eskaera jaso dira.

Pozarren hartu du albistea Iruñeko euskalgintzak: «Urte hauetan guztietan ehunka gurasok ezin izan dituzte beren haurrak euskaraz hezi 0-3 urteko zikloan, eta aukera izan duten apurrek hautatu behar izan dute: umea auzoko haur eskolan utzi eta euskarari uko egin, edo Txantreara joan-etorriak eginez euskaraz hezi», jakinarazi du Sagrario Alemanek.

Erretiroak eta birkokatzeak

Orain arte gaztelera hutsean lan egiten zen Donibanen eta Printzearen Harresin. Aldaketa bermatzeko, euskarazko EGA maila duten 26 langile berri hartuko ditu udalak: 24 hezitzaile eta zuzendaritzako bi kide. Halaber, Anautek argi utzi du ez dela kaleratzerik izango. Ezaugarriak betetzen ez dituztenek erretiroa har dezakete, eta gainontzekoak tokiz aldatuko dituzte. ELAk eta LABek ontzat jo dute udalaren erabakia. Langileen eskubideei dagokienez, LABek txalotu du udaleko teknikariek egindako ikerketa, «inor lanik gabe gera ez dadin buru-belarri aritu direlako afera honetan».

Asier Biurrun euskalgintzako ordezkariak ohartarazi du lehen urratsa besterik ez dela egin: «Asko dira oraindik irabazi beharreko postuak. Alde horretatik, indarra hartzeko eguna da gaurkoa, lanean jarraitu ahal izateko». Horrenbestez, datorren ikasturtean hamazazpi haur eskoletatik lau euskarazkoak izango dira Iruñean, hamar gaztelerazkoak, eta hiruk ingelesa ere eskainiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.