Isuna

Iruñeko Udalak isuna jarri diola salatu du Ibai Ripodas gazteak

Aurtengo sanferminetan, uztailaren 9an, entzierro ostean udaltzainek ezpaina apurtu zioten ukabilkadaz, eta orain udalaren isuna heldu zaiola salatu du, Twitterren.

Ibai Ripodas, uztailaren 10ean, kazetarien aurrean bezperan udaltzainek egindakoa kontatzen. J. P. URDIROZ
joxerra senar
2019ko abenduaren 23a
13:59
Entzun

Ibai Ripodas gazte iruindarrak Twitterren eman du gertakariaren berri. Udalaren jakinarazpen bat jaso du berriki. Hasiera batean bere auzoko Olentzeroaren inguruko ebazpen bat zela uste zuen, baina bere harridurarako sanferminetan izandako liskar bategatik, isuna jarri dio udalak: bost hilabete eta erdi geroago. Bere garaian Ripodasek salatu zuen uztailaren 9ko entzierroaren ostean izandako atxiloketa baten aurka protestan ari zela, ukabilkada jo eta ezpaina hautsi ziotela udaltzainek.

Sanferminetan bertan, Ibai Ripodasek eta entzierroan parte hartzen duten hainbat korrikalarik gertatutakoa salatu zuten kazetarien aurrean, eta gertaeren inguruko euren bertsioa eman zuten. Lasterketan korrikalarien segurtasuna arriskuan jartzea aurpegiratu zioten Enrique Maiaren udalari. «Uste dugu identifikazio hori egin ahal zutela ordu bat lehenago, ordu bat geroago, baina ez entzierroaren unean, bizi den tentsioarekin».

Egindako salaketaren arabera, entzierroa hasi baino ordu erdi lehenago «ezohiko giroa» nabaritu zuten, kalez jantzitako poliziak segika zituztelako eta uztailaren 6ko ikurrinaren kontuarekin zerikusia eduki zezakeela uste zuten. Zezenak San Domingo aldapa igaro eta berehala, udaltzainek  gazte bat atxilotu zuten. Horren aurka protesta egin zuten bi lagunak identifikatu egin zituzten, eta Ibai Ripodasek horren aurka protesta egin zuenean, borra luzagarriekin kolpatu zuten. «Hori ez da ez une egokia, ez toki egokia», esan zuen orduan, uztailaren 10ean.

Gertaerak ahaztuta zirenean, heldu zaio udalaren isuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.