Sanferminak Iruñean

Adarren ostean, borrak eta zigorrak

Asteartean, entzierroaren ostean, udaltzainek gazte bat identifikatu eta beste biri isuna jarri zieten, txupinazoko ikurrinaren auziagatik
Atzo, entzierroaren ostean egin zuten agerraldia, San Domingon.
Atzo, entzierroaren ostean egin zuten agerraldia, San Domingon. J.P. URDIROZ / EFE

Joxerra Senar -

2019ko uztailak 11
Hasieratik nabaritu zuten zerbait arraroa. Egunero, entzierroa hasi aurreko minutuetan urduritasuna nabari da kaleko ibilbidean. Aurki toki horretatik bertatik zezenak igaroko direla pentsatze hutsak edonoren sabelean kirioak dantzan jartzen ditu, eta korrikalari gehienen aurpegian islatzen da hori. Hala ere, egunero San Domingo kalean korrika egiten duen gazte talde bati bestelako urduritasuna gehitu zitzaion asteartean. 07:30ean, kaleko jantzitako Polizia haietako bati segika ari zela nabaritu zuten. Egun hartan, zezenak igaro eta berehala identifikatu zuten gaztea, eta hori egitea aurpegiratu zieten beste bi gazteri isuna jarri zieten. Tentsioaren erdian, borra luzagarriak atera eta kolpeak eman zituzten; beste gazte bati zauria eragin zioten ezpainean.

«Uste dugu identifikazio hori egin ahal zutela ordu bat lehenago, ordu bat geroago, baina ez entzierroaren unean, bizi den tentsioarekin». Atzo goizean, entzierroa igaro eta berehala, San Domingo aldapako korrikalari talde batek prentsaurrekoa eman zuen gertatutakoa salatzeko asmoz —hizlariak nahiago izan zuen izenik ez eman, eta talde horren izenean mintzatu zen—.

Gertaeren berri eman zuen aurretik. Astearte goizean, «ezohiko giroa» nabaritu zuten San Domingo kalean. «Kaleko jantzitako Polizia korrikalariren bat identifikatzen saiatzen ari ziren argazkien bitartez», azaldu zuen taldeko kideak. Uste dute zerikusia izan dezakeela uztailaren 6an Udaletxe plazan izandako gertaerekin: «Nahiz eta istilurik ez zen egon egun hartan, ikurrinaren gaiarekin erlazioa duela uste dugu».

Bere lagun taldearekin, santuaren irudiari kantatu ohi zaion tokira jaitsi zen, eta kaleko jantzitako poliziak atzetik segika izan zituen. Gero, korrika egin ohi duten zonara itzuli, eta, atzera berriz ere, jarraika zituzten: «Entzierroaren zaletasunak batzen gaitu, eta, horren ondoren, atxiloketak izan zitezkeela jakinik ere, goizero bezala aurreko eguneko korrikaldiari buruzko solasaldia izateko eta elkarri animoak emateko elkartu ginen, nahiz eta giro horretan entzierroan pentsatzea ez zen erraza», onartu zuen taldeko ordezkariak.

Entzierroari hasiera ematen dion suziriak eztanda egin zuenean, polizietako batzuek hesiak zeharkatu zituzten. Zezenak arrapalada bizian igo ohi dute San Domingoko aldapa, eta, handik iragan bezain pronto, eta geroago atera ohi diren joaldunei erreparatu gabe, gaztea atxilotu zuten, identifikatzeko. «Horren ondorioz, entzierroan zirenetako askok ez zekiten zer gertatzen ari zen. Unai eraman zutela komentatu zuen norbaitek, eta adiskideren batek pentsatu zuen zezenek eraman zutela aurretik, eta laguntzera hurbildu zen».

Entzierroak eragindako adrenalina kolpearekin, poliziek bultzatu eta atxilotu egin zuten gaztea. Beste batek kezka agertu, eta hura ere atxilotu zuten. Biei isuna jarri zieten. Beste batek haiek ez zirela moduak aurpegiratu zien, eta une horretan borrak atera eta kolpeka hasi ziren, gazte taldeak salatu duenez. «Hori ez da ez une egokia, ez toki egokia».

Gertatutakoa kameren aurrean gertatu zen, eta hain zuzen ere hori nahita egin zutela uste dute. Zabaldu zen entzierroko araudia hausteagatik atxilotu zituztela. Gezurtatu dute irmo: «Entzierroaren zaletasuna dugu. Etxekoak gara, eta badakigu ongi arauak errespetatzen». Salaketak bertan behera uzteko eskatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna