Euskara

Iruñeko Udalaren sare sozialek elebidunak izan behar dute, Administrazio Auzitegiaren arabera

Iruñeko Udalak sare sozialetan euskara eta gaztelania bereizteko erabakia hartu zuen, baina Nafarroako Administrazio Auzitegiak adierazi du «legearen aurkakoa» dela bereizketa.

Ana Elizalde eta Enrique Maia (Navarra Suma), alkate eta alkateordea, Iruñeko udalbatzan. IñIGO URIZ / FOKU
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 29a
18:52
Entzun

Enrique Maia Iruñeko alkateak euskara eta gaztelania sare sozialetan bereizteko erabakia hartu zuen. EH Bilduk horren aurkako helegitea aurkeztu, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi du Maiaren taldeak hartutako erabakia. Izan ere, Auzitegiaren arabera, «legearen aurkakoa» da gaztelania eta euskara bereiztea.

Administrazio Auzitegiak adierazi duenez, Iruñeko Udalak «berdintasunez» tratatu behar ditu gaztelania eta euskara, «herritarrengana jotzen dutenean eta, bereziki, irudi korporatiboan». Horrez gain, orain arte sare sozialen kudeaketa ele bitan egiten zela gogoratu du auzitegiak, bi hizkuntzak kontu berean jarrita, eta gaineratu du ez zegoela «hori eragozten zuen arrazoi teknikorik, hau da, egingarria» zela. Horrekin batera, auzitegiak azaldu du udalaren titulartasuneko sare sozialek eta blogek elebidunak izan behar dutela, eta webgunearen kasuan hasierako orritik eskaini behar dela hizkuntza aukeratzeko aukera.

EH Bilduren ustez, epaiak «agerian utzi ditu eskuineko hirukoaren euskarafobia eta kudeaketa traketsa», eta koalizioak ebazpena «berehala» betearazteko eskatu dio Maiari. Horrez gain, adierazi du «erabat gaitzesgarria» dela eskuinak «euskara bezalako altxor kultural bat erabiltzea 30 urtez boterean mantentzeko», baina «are penagarriagoa» dela estrategia hori erabiltzea bere «kudeaketa kaskarra», jarduteko modua eta «hirian duten paralisia» estaltzen saiatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.