Pirinio inguruko lurrek duten sismikotasuna behin baino gehiagotan ikertu du Antonio Casas geologo eta Zaragozako Unibertsitateko irakasleak (Calahorra, Espainia, 1962). Haren irudiko, atzoko lurrikara, ohiko fenomenoa izanagatik, «ohartarazpena» ere izan liteke. Epizentroa Itoitzen edo Esan izan balitz gerta zitekeenaren gaineko abisua.
Lurrikarak ohikoak omen dira Iruñerrian, hirigunea faila baten gainean dagoelako. Hala al da?
Iruñeko faila dela diote askok, baina kontuz ibili behar dugu halako baieztapen borobilekin: inguru honetan faila ugari daude, eta denak dira gai maila horretako lurrikara bat eragiteko. Egia esan, Pirinio inguru osoan izugarri zaila da sismikotasunaren jatorria zehaztasun osoz ematea.
Zergatik gertatzen dira mugimendu sismiko horiek?
Duela 4.000 milioi urteko beroa gordetzen du Lurrak bere barnean, eta berotasun horrek mugitzen du lurrazala. Plaka batzuek besteen kontra jotzen dute. Plaka tektonikoak hurbiltzen edo aldentzen diren heinean, tentsioak sortzen dira azalean. Plastikozko erregela batekin irudika dezakegu: erregelaren bi muturretan presioa eragiten baduzu, tolesten hasiko da, eta energia elastikoa pilatuko du... apurtu arte. Apurtzea, kasu honetan, lurrikara izanen litzateke. Gure kontinentean, oso gutxi mugitzen dira plaka tektonikoak, urtean milimetro bat baino gutxiago, baina horrek ez du esan nahi tentsioa ez dagoenik. Uneotan, Afrikako xafla Europara gerturatzen ari da pixkanaka, eta bien erdian dago Iberiar penintsula, bi plaka tektonikoen arteko tentsioa jasaten. Nondik apurtuko da erregela? Bada, arrakala zaharrenetatik: alegia, 30-40 milioi urtetik gora duten horietatik; Pirinioetan daudenak, adibidez. Orban zaharren gisakoak dira horiek, eta errazago irekitzen dira.
Berriz gerta daiteke, beraz...
Bai. Energia pilatzen denean, failek krak egiten dute. Gero egonkortu egiten dira, eta, urte batzuen ostean, berriz mugitzen dira. Plaka tektonikoen arteko mugimenduak maiztasun handiz gertatzen diren tokietan, Ozeano Pazifikoaren eta AEBen artean adibidez, lurrikarek ez dute etenik. Hemen, mugimendua oso txikia da; hortaz, lurrikaren zikloa ere mantsoagoa izan ohi da.
Nafarroa osoan indar horretako lurrikarak sortzeko gai diren failak daudela esan duzu. Baita Esa eta Itoitz urtegien inguruan ere?
Itoizko urtegia eraikitzen ari zirenean, arduradunek zioten ezinezkoa zela han lurrikararik gertatzea, aurrekariei erreparatuta bakar batek ere ez baitzuen epizentroa urtegiaren kokalekuan bertan izan. Hori arduragabekeria galanta da, lurralde osoan gerta daitezkeelako maila honetako mugimendu sismikoak, Jakatik Iruñeraino. Iruñerrian izan da orain, baina Itoitzen edo Esan izan zitekeen berdin-berdin.
Eta hala izan balitz, zer?
Bada, oso zaila da hipotesiak egitea. Lurrikararen epizentroa Esako edo Itoizko urtegien azpian egon izan balitz, azelerazioak inguruko hegalak irristaraz zitzakeen, baina ia ezinezkoa da ondorioak zeintzuk izanen liratekeen esatea. Noraino iritsiko litzateke lurren irristatzea? Bada, auskalo. Kalkuluak egin ditzakegu, bai, baina geologook ez dugu kristalezko bola magikorik. Esan dezakegu arrisku maila oso altua dela, eta kalteak izugarriak izan litezkeela. Arrisku faktoreen aurrean, segurtasun parametroak asko murrizten dira; beraz, arrisku hori onartezina da. Honekin ez dut esan nahi bihar Itoitz edo Esa inguruan 4,5 edo 5 graduko lurrikara bat gertatuko balitz presa eroriko litzatekeenik. Ez. Baina gerta liteke, eta, nire ustez, ezin dugu arrisku hori onartu.
Antonio Casas. Geologoa
«Iruñerrian izan da, baina Esan edo Itoitzen gerta zitekeen»
Iruñetik Jakaraino (Aragoi, Espainia) faila ugari daudela dio Zaragozako Unibertsitateko irakasleak. Faila horiek zartarazi eta lurrikarak sortzen dira plaka tektonikoek elkar jotzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu