«Berdintasuna eta tradizioa berriro batu dira desfile berean». Irungo Alarde Parekidearen Juntak hitz horiekin abiatu du ekainaren 30eko alardearen inguruko balorazioa egiteko kaleratu duen oharra. Aurtengo alardea «ahaztezina» izan dela esan du —denera, 2.300 bat emakumek eta gizonek desfilatu dute, hamalau konpainia eta unitatetan—, eta jaia, topaketa eta emozioa «zailtasun ororen» gainetik nagusi izan direla nabarmendu.
Alarde Parekidearen Juntak uste du beste behin frogatu dela «berdintasuna eta tradizioa eskutik» joan daitezkeela, eta eskerrak eman dizkie parte hartu duten guztiei, babesa eta berotasuna eman dietenei, eta urte osoan alarde parekidearen alde «umil eta apal» lan egiten duten gizon-emakume denei. Aurten, alardeko agintari askok erreleboa pasatuko diete beste batzuei, eta haientzat ere esker oneko hitzak izan ditu: «Zuen gogoak eta lanak egin dute posible denok gozatzen duguna».
«Geroz eta zailago da azaltzea zer dela-eta parte har dezakeen jai batean anaiak edo aitak, eta ez, emakume izate hutsagatik, arrebak edo amak»
ALARDE PAREKIDEAREN JUNTA
Alarde parekideak azpimarratu duenez, atzean geratu dira emakumeak iraintzea, seinalatzea edo haiei eraso egitea normaltzat hartzen ziren garaiak, inolako gaitzespen politikorik edo sozialik gabe. «29 urte geroago, errespetua zabaltzen ari da». Emakumeei soldadu gisa ateratzeko atea irekitzen dien bakarra da alarde parekidea, eta, horregatik hain justu, baztertua, gutxietsia eta iraindua izan da urte askoan. Gaur egun, baina, pozik agertu da alarde parekidea, «intrantsigenteak eta bazterkeria beren nortasun ezaugarri» dutenak gero eta gutxiago direlako.
Uste du «bide luzeko lasterketa» bat dela eta «irabazten» ari direla. Horren erakusle da gero eta irundar gehiagok bat egitea emakumeek soldadu gisa parte hartzen duten desfilearekin, konpainia gehiago batzea eta espaloietatik babesa jasotzea. «Geroz eta gehiago dira alarde baztertzailea utzi eta gurera datozen gizonezkoak, berdintasuna defendatzera eta inor ez baztertzera. Geroz eta zailago da azaltzea zer dela-eta parte har dezakeen jai batean anaiak edo aitak, eta ez, emakume izate hutsagatik, arrebak edo amak».
Eskaera Irungo Udalari
Irungo Udalari eskatu dio pertsona guztiek tokia izango duen alarde bat antolatzeko. Cristina Laborda alkatearen jarrera salatu du, halaber; hark esan du alardea bizitzeko bi modu daudela Irunen, eta biak direla «legezkoak»: «Alkateak ezin du hori esan. Alarde bakarra dago emakumeei berdintasunez parte hartzea ahalbidetzen diena, eta hori hala da batzuek borondate osoz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emakunderen diru laguntzaz, ahaleginak eta bi egiten dituztelako alarde parekidea antolatzeko». Eginbehar hori, baina, udalarena dela uste du alarde parekideak: «Hari dagokio herriko emakumeek topatzen dituzten oztopoak berdintzeko zeregina, besteak beste, ekainaren 30ean alardean gizonezkoekin batera desfilatu ahal izateko».