Hezkuntza

Iruñeko Herri Haur Eskola ez dute irekiko oraingoz

Haur eta finantzaketa falta dela eta, HE Gurasoak taldeak sortutako proiektuak ezingo ditu ateak ireki. Udazkenean egingo dute egitasmoarekin jarraitzeko bilera.

HE Gurasoak deitutako elkarretaratzea, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
2020ko abuztuaren 3a
12:57
Entzun

Baldintza faltak tarteko, Iruñeko Herri Haur Eskolak ezingo ditu ateak ireki datorren ikasturtean. HE Gurasoak taldeak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, ez dago eskola “barrez beteko duen” haur nahikorik, ezta “izaera herritarra” emango dion finantzaketarik ere. Proiektuaren muina hori izanik, irailean hasteko asmoa bertan behera utzi behar izan dute: “Auzolanean eta denon artean ez bada, ezin da izan”.

Haur faltaren arrazoia egungo egoera bereziarekin lotu dute. Adierazi dute matrikulazioek behera egin dutela sistema publikoko eredu guztietan, eta, egoera ikusita, “normaltzat” jo dute izen emateen beherakada.

Iruñeko Udalari ere hitz batzuk eskaini dizkiote oharrean. Euskal hezkuntza zerbitzuak hiriko iparraldera mugatzea oso erabaki gogorra dela diote. Salatu dute “etxetik gertu egotearen” garrantziak euskararen “kaltean” jokatzen duela, eta Enrique Maya alkateak bazekiela hori.

Halaber, eskerrak eman dizkiete antolatutako modu ezberdinetan lagundu duten guztiei: “Mobilizazioetan parte hartu duzuen lagunei, batzarretara agertu zareten familiei, babes ekonomikoa eman duzuen euskaltzaleei eta ahal izan duen neurrian lagundu gaituen Euskalgintzari eta Itsulapikokoei ere”.

Oraingoz proiektua martxan jarri ezin badute ere, HE Gurasoak taldeak lanean jarraituko du Iruñeko euskara zerbitzuen alde. Udazkenean Haur Eskoletako organismoan “aldaketa gehiago” jorratuko dituen bilera bat egingo dute. Diotenez, proposamen eta ildo berriak garatu behar dituzte, “euskarazko hezkuntza, publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.