Israelek eraso egin dio Askatasunaren Flotillaren parte den Conscience itsasontziari, droneak erabiliz; Gazarako bidean zen ontzia. 00:23an egin dio eraso, nazioarteko uretan, Maltatik gertu. Tiroek ontziaren branka zulatu dute, eta sute bat piztu. Flotillak SOS deia igorri du, eta Ziprek soilik erantzun dio: erreskate ontzi bat bidali du herrialde horrek.
Tiroek matxura eragin dute Conscience itsasontziaren energia sorgailuan, eta elektrizitaterik gabe utzi dute, hondoratzeko arriskuan. Nazioarteko 30 aktibista doaz ontzi horretan.

Misioaren parte da Artea sareko Mikel Zuluaga ekintzailea, eta goizeko lehen orduan zabaldu da itsasontzian zihoala, baina ez da egia. Zuluaga onik dago, Valletan (Malta). Conscience ontzira igotzeko zain zegoen, beste hainbat ekintzailerekin batera, erasoa gertatu denean.
Askatasunaren Flotilla koalizioak «indarkeriarik gabeko ekintza bat» antolatua zuen, eta sekretupean aritu ziren lanean, sabotaje ekintzak saihesteko. Helburutzat zeukaten Gazaraino joatea, blokeoa hautsi eta giza laguntza itsaso bidez eramateko. Hala ere, irteera egunean bertan egin diete eraso. Flotillako kideek nabarmendu dute Israelek tiro egin diola «armarik gabeko ontzi zibil bati», non eta nazioarteko uretan.
Gernika-Palestinak erakundeei eginiko deia
Gernika-Palestina herri ekinbideak «irmo» salatu du erasoa: «Argi denez, Israelgo Estatua gai da inpunitate osoz nazioarteko uretan zibilei eraso egiteko, nazioarteko agintariek beste alde batera begiratzen duen bitartean».
Bestalde, Conscience ontziaren larrialdi egoera aintzat hartuta, Maltako Gobernuari ere mintzatu zaio Gernika-Palestina herri ekinbidea. Eskatu dio «berehala» bete dezala bere egitekoa, laguntza bidal dezala eta itsasontzian doazen guztien segurtasuna berma dezala. Nazioarteari galdegin diote, gainera, «gaitzetsi dezan laguntza humanitarioko ontzi desarmatu baten aurkako erasoa», eta eten dezaten «Israelen legez kanpoko setioari, blokeoari, okupazioari eta apartheidari emandako babes politiko, ekonomiko eta militarra».
Blokeoa salatzen
Gernika-Palestina herri ekinbideak gogoratu du, halaber, Askatasunaren Flotillaren helburua dela Gazako blokeoa salatzea. «2025eko martxoaren 2az geroztik, Israelek Gazara sartzea debekatu die laguntza kamioi guztiei, eta bi milioi zibil baino gehiagoren gosetea eragin du nahita. Nazioartearen aurrean gertatu da hori guztia. Adituen ustez, Gazako biztanleek egunean 600 kamioi beharko lituzkete gutxienez beren oinarrizko beharrak asetzeko; hala ere, bi hilabetean ez da kamioirik sartu».