Israelen eta Gazaren arteko su eten bat eskatzeko manifestazioak eginen dituzte Euskal Herrian asteon

Baionan, larunbat honetan eginen dute mobilizazioa,16:00etan. Bestalde, azaroaren 7an, Euskal Herriko udaletxe guztien aurrean elkartzeko deia egin dute.

Donostian egindako manifestazioa, Palestinarekiko elkartasunez. IDOIA ZABALETA / FOKU
2023ko urriaren 31
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste bi deialdi zabaldu dituzte euskal herritarrentzat, Palestinarekiko elkartasunez. Baionan, «gizarte zibileko ordezkariek» egin dute deia: Euskaldunen plazan elkartuko dira, larunbat honetan, 16:00etan. Datorren asteartean, bestalde, Gernika-Palestina kolektiboak Euskal Herriko udaletxeen aitzinean biltzeko deia egin du, 19:00etarako.

Gernika-Palestina Deialdi Herritarra kolektiboak zabaldu du heldu den astearterako deia, eta «ontzat» jo du urriaren 21ean Donostian egindako manifestazioa. Egoeraren larritasunaren aitzinean, ordea, uste dute «Gernika-Palestina Deialdi Herritarrari eutsi behar zaiola, proposatutako parametroetan: su-etena, korridore humanitario seguruak eta irtenbide negoziatua, Palestinaren autodeterminazio eskubidea errespetatuz».

Ildo beretik, Ipar Euskal Herriko hainbat jende ezagunek adierazi dute «min handiz» ikusten dutela «zibilak bereizi gabe kolpatzen dituen bortizkeria». Horren harira, «sarraskia geldiarazteko, jendarte zibilaren tresna mobilizazioa» dela uste dute. Salatu dute Frantziako Gobernuak Palestinarekiko elkartasunezko protestak debekatu izana. Ipar Euskal Herrian egin duten deialdian, bestalde, «bake prozesu» baten alde egin dute. «Jendarte zibileko kide garen heinean, ezin gara gelditu eta ez dugu nahi besoak gurutzaturik gelditu. Gernikako bonbardaketaren eta Aieteko adierazpenaren arteko bidea luzea izan bada ere, Euskal Herrian ikasi dugu bake prozesu bat beti posible dela. Ekialde Hurbilean, hau bortizkeriaren arintze batetik pasa daiteke eta hala izan beharko luke», erran dute.

Hala, bi deialdietarako eskakizun berak egin dituzte. Hauek dira: berehalako su etena, eraso guztien amaiera eta zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea; Gazako zerrendaren setioa eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxua bukatzea eta laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea; herritar palestinarrek eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea izatea; konponbide baketsu eta negoziatua lortzeko deia egitea nazioarteko komunitateari; eta elkarrizketa prozesu bat abiatzea, «bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu». Horretarako, erran dute «nahitaezkoa» dela «okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.