Espainiako Ekologistak Martxan-eko Mugikortasun arduraduna

Carmen Duce: «Isuri apaleko eremuak ezartzeaz gain, ezinbestekoa da autoei espazioa kentzea»

Isuri apaleko eremuen ezarpena beste neurri batzuekin uztartzeko eskatu du Carmen Ducek; besteak beste, hiri erdiguneak ez gehiago gentrifikatzeko eta errenta apalenekoak ez zigortzeko.

Mugikortasuna
BERRIA
inaki petxarroman
2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Ekologistak Martxan taldeak antolatuta, Bilbon hitzaldia eman zuen Carmen Duce (Avila, Espainia, 1975) erakunde horren Espainiako adarreko Mugikortasun arduradunak atzo. Europan martxan jarritako isuri apaleko eremuen esperientziak aztertu zituen, besteak beste. Ideia bat nabarmendu zuen: auto pribatuari espazioa kendu behar zaio hirietan.

Isurketa gutxiko guneak ezarrita daude Europako hainbat hiritan. Zer ondorio atera dezakegu indarrean jarri diren esperientzia horietatik?

Lehenik eta behin, esan beharko genuke halako eremuak ondo jartzen direnean lortzen direla ezarritako helburuak, hau da, berotegi gasak, kutsadura eta zarata murriztea.

Zer da neurriak «ondo» jartzea?

Urrats batzuk betetzea eskatzen du: neurri zabalak izatea, herritarrak ongi informatzea horiek ezartzeko egutegiaz, neurri alternatiboekin osatzea, hau da, kalitatezko garraio publikoa eta bizikleta sistema publikoak indartzea. Halaber, hirietara sartzen diren autoak benetan kontrolatzeko sistemak ezarri behar dira. Horrez gain, oso garrantzitsua da autoak aparkatzeko leku gutxiago egotea. Jendeak ezin badu aparkatu ez baitu autoa hartuko. Londresen halako neurriak hartu dira, eta ika-mikak sortu ditu, baina frogatzen ari da oso eraginkorra dela kutsadura apaltzeko. Bruselan, Milanen eta beste hainbat hiritan antzeko politikak martxan jartzen ari dira, eta emaitza onak ematen ari da.

Zer gertatzen da, esate baterako, autoa lanerako behar duten beharginekin, autonomoekin-eta?

Tresnak jarri behar dira haiek laguntzeko, zeren egia da ez direla auto berri bat erosteko ahalmen handiena dutenak. Gainera, auto berriak erostea ere ez da neurri oso iraunkorra; beraz, erantzun bat eman behar zaio haien egoerari.

Autoentzako zenbait eremu hesitzeak ez al du arriskurik hiriko beste auzo batzuetan trafikoa handitzeko?

Gerta daiteke, bai, baina, esate baterako, Madrid Central egitasmoa martxan jarri zenean, 2019an, modu serio eta zorrotzean jarri ziren neurriak indarrean, eta frogatu zen urtebetean %20 apaldu zela kutsadura. Eta aipatu duzun errebote efektu hori ez zen gertatu... Hiri erdira joateko autoa hartzeari utzi zion jendeak, eta inguruko auzoetan ez zen handitu trafikoa.

Hori hala gertatu da beste hiri guztietan ere?

Bartzelonan ika-mika egon da, baina Sagar Handiaren kasuan, badirudi baietz, aldatu dela trafikoa erdigunetik beste leku batzuetara. Londresen ere antzeko egoerak salatzen ari dira. Beraz, ikusteko dago ea trafikoa kontrolatutako eremutik kanpora desplazatzen den. Gerta daiteke fenomeno hori.

Hirietako mugikortasun eredua aldatu beharra nabarmendu duzue. Zer egin behar da horretarako?

Isuri apaleko eremuak ezartzea tresna bat izan daiteke, baina ez dena aldatzea ekarriko duen makila magikoa. Lehentasunezkoa izan beharko luke autoak aparkatzeko lekuak mugatzeak, bereziki ospitaleetan, ikastetxeetan. Erdigunean jarri behar da oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna, eta garraio publikoa. Hori dena posible egiteko, autoei lekua kendu behar zaie, ez bakarrik autorik zaharrenei, baizik eta gainerako auto pribatu guztiei. Gaur egun indarrean den etiketa sistemak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak kontrolatutakoak, baimena ematen die zenbaitetan eko bereizgarria duten auto batzuei, SUV elektriko edo hibridoei, adibidez. Auto horiek mugarik gabe ibiltzea ez zaigu iruditzen ez justua, ez jasangarria.

Izan ere, autorik zaharrenak bakarrik mugatuta, gerta daiteke errenta apalenekoei bakarrik mugatzea horien erabilera, ezta?

Errenta apaleneko familiek ezin dute autorik eduki; beraz, badago eremu bat horren azpitik. Garraio publiko kalitatezkoa sustatu behar da, errenta apalenekoei euren eskubideak bermatzeko, joan ahal izan daitezen lanera, eskolara edo aisialdi guneetara. Bakarrik auto motei begiratzen badiegu, autoa dutenen artean errentarik apalenekoak zigor ditzakegu akaso, eta konpentsazio neurriak bilatu beharko dira.

Europako hiri batzuetan bizikleten loraldi bat gertatzen ari da. Euskal Herrian badira hiri batzuk nahiko ondo kokatuta eremu horretan —Gasteiz—, baina beste batzuk —Bilbo— oso eskas daude bidegorri aldetik.

Gasteiz oso interesgarria iruditzen zait adibide moduan, zeren hiri bizigarriago baten aldeko apustua agintean daudenen ideologia politikotik bereiztea lortu baita. Ikusten ari gara konfrontazio handia dagoela alderdien artean, eta uste dut ez daukala zentzurik. Gasteizek eredu ona ematen du, bidegorriengatik, garraio publikoarengatik, eskola inguruak babesteagatik. Euskal Herriko beste leku batzuetan dezente atzeratuago daude. Aldi berean, badira bidegorriak espaloien gainean, eta hori saihestu beharko litzateke erabat. Lehentasun nagusia oinezkoa da, hura baztertu baita gehien, eta, gainera, gehien erabiltzen den mugitzeko modua delako. Autoei espazioa kentzen zaionean iristen diren kritika sutsu horiei erantzunez, gogoratu behar dugu 18 urtez azpikoek ez dutela autorik, emakume askok ere ez, adineko gehienek ez dutela gidatzen... Garraio publikoa oso feminizatuta dago, eta mugikortasunari buelta eman behar zaio, herritar guztiengan pentsatuz, ez bakarrik gutxiengoa den eta erosahalmen dezentekoa gizon zuri horrengan.

Autoek okupatzen dituzten espazioak, gainera, ezin dira erabili klima aldaketari aurre egiteko, zuhaitzak landatu eta parkeak sortzeko, adibidez.

Isurketak gutxitzea beharrezkoa da, baina, gaur egun, egokitzeko neurriak ezinbestekoak dira jadanik, eta, horretarako, asfaltoa kendu beharra dago kaleetatik. Euriteetan ikusten da garbi: asfaltatutako eremuek askoz ere okerrago eusten diote euri jasari birnaturalizatutako eremuek baino. Beroari aurre egiteko ere, ezinbestekoa da zuhaitzak landatzea, zuhaitz asko, itzala ematen dute eta.

Euskal Herriko isuri gutxiko eremuen ezarpenari buruz, zer esango zenuke? Ondo bideratuta daude neurriok?

Gehien kezkatzen gaituena da zer mantso hartzen ari diren halako neurriak. Klima aldaketaren aurkako legea 2021ean onartu zuten, baina urte batzuk lehenago ari ziren horri buruz eztabaidatzen, eta udalek bazekiten zer zetorren. 2021ean jarri zuten epea 2023a baino lehen onartua izateko, eta epe hori ez du bete Euskal Herriko hiri bakar batek ere. Urratsak egiten ari ziren, baina geldialdi bat egon da, zenbait kasutan udal hauteskundeen aitzakiarekin, baina bozak igaro dira, eta bada garaia. Egia da orekatu egin behar dela prozedura horretan azkartasuna eta herritarren parte hartzea eta informazio zabaltzea. Eztabaida egon behar da, baina horrek ezin du betikotu eztabaida, aintzat hartuta Next Generationeko funtseko diruak galtzeko arriskuan daudela, erabakiak atzeratuz gero.

Emisio apaleko halako eremuetan kutsadura eta zarata gutxiago dago, eta hirien erdialdean egoten dira; ez al dago arriskurik aberatsentzako bizitoki bihur daitezen?

Bai, azkenean, halako neurriak ezartzen diren lekuak ongizateko leku bihurtzen dira. Baldintza horiek ez badira zabaltzen auzoetara, eta etxebizitza politikak ez badira ezartzen ez dezaten bakarrik errenta handikoek izan hor bizitzeko ahalmena, bada, gentrifikazio prozesuak gertatzen dira: hau da, diru publikoa erabili da errenta apaleneko sektoreak eremu horietatik botatzeko. Faktore hori ez dago sartuta emisio apaleko politika horien araudian, baina ezinbestekoa da etxebizitza politikekin bateratzea, diru publikoa azkenean ez dadin erabil diru gehien dutenei laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.