Bigarren eguna du gaur San Sebastian Gastronomika kongresuak, eta, atzo bezala, egitarau betea du. Goizeko izarretako bat Salvatore Tassa sukaldaria izan da. Tassak natura eta gastronomia lotu ditu bere erakustaldian. Hala, humus bat eta tomate hautsa duen pasta bat kozinatu ditu, jatetxetik gertu dituen haziak, barazkiak eta abar erabiliz. Grasarik gabeko sukaldaritza aldarrikatu du, eta sasoian soiko produktuetan oinarritutakoa. "Nire jatetxean hala egiten dut, eta hori da etorkizuneko sukaldaritza". Tassa da San Sebastian Gastronomikan parte hartzen ari den Italiako sukaldarietako bat. Baina zerrenda luzea da. Hain zuzen ere, arratsaldean hango produktu izarraz, hau da, pizzaz ariko dira goi mailako lau pizza egile: Arcangelo Dandini, Enzo Piccirillo, Enzo Coccia eta Clinque Raimondo. Hemengo sukaldariek ere badute lekua San Sebastian Gastronomikan. Gaur, adibidez, Aitor Arregi, Elena Arzak eta Pedro Subijana ari dira parte hartzen erakustaldi eta tailerretan.
Baina San Sebastian Gastronomika hori baino gehiago da. 150 erakusmahaitik gora daude, hemengo eta atzerriko produktuak eskainiz, baita hainbat erakustaldi ere. Tolosako Fronton jatetxeko Roberto Ruiz, adibidez, babarrunak egiten aritu da. Hilabete eskas falta da aurtengoa ezagutzeko, eta Ruiz baikor da. "Uste dut kalitate eta kantitate aldetik urte ona izango dela. Ekoizleen lanari esker, produktuaren kalitateak hor jarraitzen du". Kursaalaren kanpoaldean, berriz, pizzak nola egiten diren ikusi ahal izan da, baita haiek dastatu ere. Bihar amaituko da kongresua.