Itsas energia, apustu garestia

Eusko Jaurlaritza itsasoaren indarra elektrizitate bihurtzeko planta eraikitzen ari da Mutrikun

JAKES GOIKOETXEA MUTRIKU
2008ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak itsasoaren energia elektrizitate bihurtzeko aukera ikertu eta garatu nahi du datozen urteetan. Duela hainbat urte haizearen energiarekin egin zen moduan. Itsasoaren energiari bi motatako etekina atera nahi dio: alde batetik, energetikoa, hau da, energia iturri berri gisa ustiatzea eta aprobetxatzea; bestetik, industriala, itsas energia ustiatzearen inguruan sektore berri bat sortuz eta garatuz.

Itsasoaren energia ustiatzea garestia da. Bai behintzat ur zutabe oszilatzailearen teknologiaren bitartez (Oscilating Water System, OWS): olatuek aire ganbera batzuetako airea gorantz bultzatzendute eta aire horrek turbinak mugiarazten ditu, bai goranzko bidean, bai beheranzkoan.

Eusko Jaurlaritza teknologia hori baliatzen duen planta eraikitzen ari da Mutrikun (Gipuzkoa): 16 turbina izango ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 3,5 milioi euro inguru inbertituko ditu bertan; plantak urtean 600.000 kWh produzitzea espero dute, 600 pertsona inguruk urtebetean etxean kontsumitzen duten energia elektrikoaren baliokidea. Eusko Jaurlaritzak itsas energia baliatzeko bost MW instalatu eduki nahi ditu 2010. urterako. Epe horretan 15 milioi euro inbertituko ditu itsas energia baliatzeko azpiegituretan, ikerketan eta garapenean.



2009AN MARTXAN. Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak eta Nuria Lopez de Gereñu Garraio eta Herri Lan sailburuak obrak bisitatu zituzten atzo. Oraingoz, Mutrikukoa proiektua baita. Turbinak jartzeko hormigoizko egitura egiten ari dira, Mutrikuko portuko dike berrian. Obra aurtengo azken hiruhilekoan amaitzea eta planta 2009ko erdialdean martxan jartzea espero dute.

Munduan badira OWS teknologia erabiltzen duten itsas energia plantak: Azore uharteetan eta Eskozian. Mutrikukoa turbina bat baino gehiagoko bakarra izango da.

«Proiektu pilotu moduan hartu behar dugu, teknologia oso berria baita», ohartarazi zuen Ana Agirrek. «Baina itsas energia sekulako aukera da eta proiektuaz harro nago». Mutrikun jarriko dituzten 16 turbinak Tolosako (Gipuzkoa) Voith Hydro enpresak egingo ditu.

Itsas energia baliatzeko plantak jada eragozpenak eragin ditu Mutrikun, lanean hasi aurretik: abenduan hainbat egunetan zarata handia atera zen bertako aire hodietatik. Ana Agirrek barkamena eta pazientzia eskatu zien atzo herritarrei: «Ahaleginak egiten ari gara eta egingo ditugu zarata murrizteko».

[email protected]





############



«Portuan egiten ari diren triskantzari etiketa berdea jartzeko aukera da»

J. goikoetxea

Deba

Mutriku Natur Taldea ez dago energia berriztagarrian kontra; baina Mutrikuko portuaren antolaketa berriaren, Mutrikuko dike berriaren eta bertan egiten ari diren itsas energia aprobetxatzeko plantaren kontra dago. «Dikearen neurri erraldoia zuritzeko modu oso aproposa da, portuan egiten ari diren triskantzari etiketa berdea jartzekoa», dio Iñigo Agirre Mutrikuko Ingurumen zinegotziak. Berdeak + Independenteak plataformaren izenean aurkeztu zen hauteskundeetara. Mutriku Natur Taldeko kidea ere bada. «Interesgarria iruditzen zaigu ikertzea, baina esperimentuak ezin dira edozein tokitan egin, are gutxiago herri baten aurrean eta babestutako itsaslabar baten gainean».

Agirreren iritziz, Mutrikun itsas energia baliatzeko erabiliko duten teknologiak ez dauka gutxieneko eraginkortasunik, eta haize errotenarekin alderatu du: «16 turbinetatik megawatta (MW) erdia lortuko dute; haize errota bakar batek, berriz, 2,5 MW lortzen ditu eta bost MWera ere iritsiko da. Ikertzea ondo dago, baina herri batekin esperimentuak egitea onartezina da. Herri guztiarena zen hondartza bat, itsas zabalaren ikuspegia... galdu ditugu MW erdia lortzeko». Hori ikusita, itsasoko energia aprobetxatzeko beste bide bat aipatu du: itsasoan, kostaldetik ez oso urrun ur azpian buiak jarri eta itsasoak buiei eragiten dien mugimendua energia bihurtzea. Santoñan (Kantabria, Espainia) badago buien bitartez energia lortzeko proiektua.

Iñigo Agirre Mutrikuko Ingurumen zinegotzia da, baina herenegun arratsaldean jakin zuen atzo goizean Ana Agirre Industria sailburuak eta Nuria Lopez de Gereñu Garraio eta Herri Lan sailburuakMutrikuko itsas energia baliatzeko planta bisitatuko zutela.



SALAKETA EPAITEGIAN. Mutriku Natur Taldeak eta Lur Maiteak Eusko Jaurlaritzaren kontrako salaketa jarrita daukate proiektuaren kontra. Beren esanetan, itsasoaren indarra energia bihurtzen duten turbinak jartzeko lanak, energia instalazioa, proiekturik egin gabe eskaini eta eman ziren. Obra egiten ari diren enpresetako ordezkariek duela urtebete deklaratu zuten. Auzia geldirik dagoela dio Agirrek.

Jaurlaritzak obrak kudeatzeko erabili duen prozedura «iluna» eta «legez kanpokoa» da, Agirreren iritziz. Portuaren Plan Berezian eta obrarako baimen eskaeretan itsas energia planta ez zegoela dio.

Duela hilabete itsas energia baliatzeko plantak Mutriku osoan entzun zitekeen zarata sortu zuten zenbait egunetan. Iñigo Agirrek onartu du oraingoz arazoa konpondu dela. Plantak ez duela zaratarik sortuko agindu diete. «Baina ez gaude ziur, kontrako esperientziak daudelako Azore uharteetan eta Eskozian», dio. «Ez dakigu zer gertatuko den instalazioa martxan jartzen dutenean».





############



«Proiektu pilotu moduan hartu behar dugu, teknologia oso berria baita. Baina sekulako aukera da»

ana agirre
Eusko jaurlaritzako industria sailburua



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.