Bizkaiko Foru Aldundiko langileek itsas txakur gris gazte bat askatu dute gaur goizean, Bermeo pareko itsasoan (Bizkaia).
Abenduaren 11n agertu zen animalia hango portuan, zauri txiki bat zuela aurpegian, ahul eta behar baino kilo dezente gutxiagorekin. Bizkaiko basozainen ardura da animaliak erreskatatzea, eta, esan zutenez, litekeena da orduan kosta astindu zuten ekaitzek eraman izana Euskal Herriko kostaldera.
Animalia Basatiak Birgaitzeko Bizkaiko Zentrora eraman zuten, eta han artatu dute egunotan. Zauria sendatu diote, eta jaten eman, kilo batzuk hartu arte. Ez zen lana erraza izan: arrainez eginiko ahiarekin elikatu behar izan baitzuten, zunda baten bitartez, itsas txakurrak ez zuelako bere kabuz jateko indarrik. Hurrengo egunean hasi zen jaten.
Hamaika egunen buruan animalia askatzeko moduan dagoela ondorioztatu dute albaitariek, eta halaxe egin dute gaur. Ontzian eraman dute Bermeo parera, eta han askatu dute. Uretan zela, jaten eman diote, datozen egunetarako aski izango duela bermatzeko.
Esperientzia badute Animalia Basatiak Birgaitzeko Bizkaiko Zentroan. Azken urteotan hamabi itsas txakur hartu dituzte: kume bat 2014. urtean, eta iazko otsailean Lekeition agerturiko heldu bat. Bi hilabete geroago Lemoizen askatu zuten.
Aspaldi baino lan gehiago eduki dute aurten. Konfinamenduaren eraginez, basa piztiak hiriguneetara ohi baino sarriago hurbildu dira. «Hori ez da ona animaliontzat», azaldu du Roberto Cañon foru aldundiko ordezkariak gaur, Bermeon. Izan ere, hirietako arriskuekin ez daude ohituta, eta kableek edo autoek asko zauritu dituzte.
Horren eraginez, abenduaren 20ra arte, 1.343 animalia jaso dituzte Gorlizko gunean. Iaz baino 300 bat gehiago.
Gehienak hegaztiak izan dira (938); besteak beste, flamenko arrunt bat. Irailaren bukaeran askatu zuten, Urdaibain. Lehen aldiz artatu dute espezie horretako animalia bat. Baita txiliporta txinatar bat, amiltxori bat eta zisne beltz bat. Hegaztiez gain, kameleoi arrunt bat ere jaso dute.