Aldatu gabe zegoen Espainiako Kosta Legea onartu zenetik, 1988tik. Madrilgo gobernuak erreformatu egingo duela jakinarazi du orain, bi helbururekin, Soraya Saenz Santamaria gobernuko bozeramailearen hitzetan: «Segurtasun juridikoa bermatzea, eta ingurumena babestea». Erreformarekin, orain itsasbazterreko lur publikoetan diren etxebizitza, industria eta eraikinek leku berean jarraitu ahal izango dute 75 urtez.
1988ko legeak zehaztu zuen itsasbazterrak lur publiko izango zirela aurrerantzean, eta babeserako onartutako eremuaren barruan eraikiak zeuden etxe, industria eta gainerako eraikinek 30 urtez erabili ahal izango; kontzesioen bidez arautu zuten lurren erabilera. Epea bukatutakoan, 30 urtez kontzesioa luzatzeko aukera jasotzen zuen legeak. Baina, praktikan, gobernua 2018an hasi ahal izango zen itsas ertzeko lurrak bereganatzen. 1988ko Kosta Legearen asmoetako bat horixe baitzen: itsasbazterrean gizakiak eragindako kalteak gutxitzea.
Kosta Legea erreformatzeko, aurreproiektua onartu zuen Espainiako ministroen kontseiluak atzo. Legearen aurka egin dezaketen udalak zigortzeko klausulak, eta itsasbazterrari eraso gehiago ez egiteko neurriak iragarri ditu Saenz Santamariak.
Baina, horrekin batera, kostaldearen okupazioa luzatzeko neurriak ere edukiko ditu lege berriak. Itsasertzeko lur publikoetako eraikinen erabilera lizentziak 2018an bukatzen dira, eta horiek luzatzea erabaki du gobernuak. «Ez da luzapen indiskriminatua», zehaztu du Saenz Santamariak. Autonomia erkidegoek eraikinen ingurumen eragina aztertuko dutela, eta erabilera lizentzien luzapena azterketa horien arabera erabakiko dela azaldu du. Energia, kimika, petrolio eta papergintza sektoreen kasuan ere azterketa horiek egingo direla erantsi du. Erabilera kontzesioak, bestalde, saldu egin ahal izango dituzte jabeek, orain arte ezin zena egin.
Itsasertzeko eraikinen jabeei baimenak emango dizkiete konponketa eta berritze lanak egiteko, baina ez eraikinaren tamaina edo altuera handitzeko.
Itsasadarretan, muga txikitu
Itsasadarren zati batzuk ere Kosta Legeak babestuak daude, eta horrek ekartzen du haien inguruan ehun metro luzeko babes eremu bat izendatu beharra. Kosta lege berriak aukera emango du babes eremu hori hogei metrora murrizteko. Herrigune batzuek arazoak izan ohi dituzte babes eremu hori dela kausa.
Interes kulturaleko ondasunak ere arautuko ditu kosta legeak. Lur publikoan dauden kultur ondasunak haien lege izaera berezkoa izango dute, haien kultur izaeraren araberakoa, eta kontzesioa emango die estatuak. Herri etako hondartza eremuetan baldintzak arinduko ditu lege berriak, eta hondartza naturalak gehiago babestuko dituela adierazi du. Hondartzetako taberna eta postuei lau urterako lizentziak emango dizkie gobernuak, luzatzeko aukera utziz.
Itsasertzeko eraikinen erabilera luzatu du Espainiak
Kosta Legea aldatuko du Madrilgo gobernuak; 75 urtez itsasbazterrean jarraituko dute orain bertan diren eraikinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu