Nobel sari eta ikerlarien artean, esploratzaile bat. DIPCren Jakintzaren Jaialdian atzo hitzaldia eman zuen Sylvia Earlek (AEB, 1935). Komunikaziorako abilezia berezia duen emakume atsegin honen ekarpenak kontaezinak dira. Batzuk Ilargia esploratzen ari ziren bitartean, Earle beste muga ezezagun bat urratzen aritu zen: itsasoetako sakonak.
Hainbat marka ditu sakoneko urpekaritzan. Adibidez, 1989an 400 metroko sakoneran ibili zen itsas hondoan, ordura arte inork zapaldu gabeko tokietan. Esploratu soilik ez, itsaspe sakonetako ikerketarako urpeko ontzi eta jantzi bereziak ere diseinatu ditu Earlek, eta horiek egiteko enpresak sortu. Haren ekimenak eragin handia izan du ozeanoetako lehen itsas babeslekuen ezarpenean.
Itsasoen egoera larria duzu hizpide DIPCko Ezagutzaren Jaialdian, baina hori baino lehen... zer sentitzen da 400 metroko itsas sakoneran pasieran?
Ederra da inork zapaldu ez duen toki batera iristea. Begira, zientzialari eta esploratzaile izateko, haurrek bezala jokatzen dugu: jakin-minarekin galderak egiten, zer, non, zergatik... Inguruarekin liluratzeko haurrek duten ahalmen horrekin. Zenbaitek ahalmen hori galdu egiten dute adinean aurrera egitean, begirada murrizten dute. Ni haurrak bezala sentitzen naiz ur sakonetan: liluratuta.
Jakin-minaz gain, adorerik ereez zaizu falta. Adibidez, 1968an Deep water itsaspekoan urpean murgildu zinenean haurdun zeunden, lau hilabeteko.
Ez dut uste hori adorea zenik. Alabak dio itsasoa maite duela, jaio aurretik ere urpean ibili zelako.
Zergatik ez duzu itsaskirik jaten?
Jaten nuen; nire familiak oso gustuko zituen itsasoko elikagaiak. Baina orain gehiegi dakit. Ulertzen dut arrantzaleek bizibidea dutela, baina ni haurra nintzenetik hona, ozeanoetako arrain handi guztien %90 jan, kontsumitu ditu gizakiak. Eta horrela jarraitzen badugu, mende honen erdialderako arrantza ez da aukera bat izango jada: ez da hegalaburrik izango, ez ezpatarrainik, ez bakailaorik, ezta halibutik ere. Eta berdin arrain txikiekin ere; sardinzarra bera arrisku larrian dago.
Gehiegizko arrantza salatzen duzu.
Euskal arrantzaleek ez dute hori egiten. Baina munduan zenbait arrantza modu oso suntsitzaileak dira; itsas hondoak erabat hondatzen dituzte. Basoko txori batzuk hartzeko buldozer bat erabiltzea bezala da hori. Onartezina da, zentzugabea. Eta horixe egiten ari dira Europako arrantzaleak Afrikako kostaldean, ontzi industrial handiekin. Munduko merkatuak txinpantze edo elefanteekin hornitu nahi izatea bezala da hori.
Marmokak jaten amaituko dugula diote batzuek...
Ozeanoen izaera aldatzen ari da gizakia. Koralezko uharriak bizirik gabe gelditzen ari dira; klima aldaketaren eta karbono dioxidoaren ondorioz, itsasoa azidotzen ari da... Ni haurra nintzela, pentsatzen zen ozeanoa hain zela handia, hain zabala, hain sendoa ezin geniola kalte egin. Baina orain oso begi bistakoa da gehiegi hartu dugula itsasotik (arrantza), eta gehiegi utzi dugula (kutsadura, azidotzea). Baina oraindik ere badago aukera bat.
Egoeraren larritasuna azaltzeaz gain, irtenbideak ere aurkezten dituzu zuk.
Bai, eta irtenbide garrantzitsuena jakintza da; jendeak jakintza duenean ekimen pertsonalak abia ditzake gauzak aldatzeko etxean, komunitatean... Mundua alda daiteke, baina hastapenean ulerkuntza dago, jakintza. Eta jakin behar dugu Lurraren egiazko motorra ozeanoak direla eta motor hori zaintzen dugunean geure burua zaintzen dugula. Ozeanoan oinarritzen da gizakiaren beraren iraupena. Planktonak sortzen du oxigenoa, CO2a harrapatzen du, motorrari martxan eusten dio. Baina orain aste gutxi jakin dugu datua: 1950. urtetik hona planktonaren %40 galdu da.
Akuikultura irtenbide bat da?
Proteina kopuru handiak lortzeko, lurrean oilaskoak, behiak eta halakoak hazten ditugu, landareak janez modu eraginkorrean hazten diren animaliak eta ez animalia haragijaleak. Gainera, oso gazte jaten ditugu, asko jota bi urterekin. Baina guk kontsumitzen ditugun arrainak, batez ere, haragijaleak dira. Arrain handiak hazteko, arrain txiki mordoa behar da. Gainera, arrain txikienak ere zaharrak dira. Sardinzar batek, adibidez, 3-4 urte izango ditu; hegalaburrak, 10 urte; itsas sakoneko arrain batzuek, hemen bertan arrantzatzen direnek, 50 urte izango dituzte. Ez da eraginkorra horren hazkuntza moteleko espezieak haztegietan elikatu eta haztea. Gainera, zenbat eta arrain zaharragoa, itsasora jaurtitako toxina gehiago ditu; merkurioa, esaterako. Hala ere, badaude era eraginkorrean haz daitezkeen arrain landare jaleak: Txinan mendeak daramatzate karpak hazten, tilapia arraina ere hor dago...
Hala ere,kontua ez da arrantza uztea.
Hainbat tokitan, hemen Euskal Herrian bezala, jendea urteetan ikasten joan da nola arrantzatu, errespetu eta abilezia handiarekin. Horrekin jarraitzeko, mundu zabalean jendeak konturatu behar du mugak daudela, arrain basatiak oso neurrian arrantzatu behar direla.
Babeslekuen alde egiten duzu.
Ozeano Bareko uharteetan, Txileko kostaldean, AEBetan... Ekosistema osoa aintzat hartzen duten itsas babeslekuak ezarri diren tokietan funtzionatu egin dute. Hori landu behar dugu
Eta orain da unea.
Bai, berandu izan baino lehen, itzulerarik gabeko egoeratik hurbil gaude eta.
TED sarietan zenioen gehien maite zenuen espeziea gizakia zela. Soilik haren hegala jateko marrazoa hiltzeko gai den gizakia zenuen gogoan? Zergatik gara hori egiteko gai?
Haurrak izatea ahaztu dugulako. Dena den, jarrera hori ikasitakoa da eta alda daiteke. Gizakiarentzat ez da naturala beste bizitza formekin horrela jokatzea. Jakina, jan egin behar dugu, baina hori errespetuarekin egin behar da, ez utzikeriarekin.
Sylvia Earle. Ozeanografoa
«Itsaskiak jaten nituen lehen, baina orain gehiegi dakit»
Earle zientzialari eta esploratzaileak dio itsasoen etorkizuna eta ondorioz gure etorkizuna ere arriskuan daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu