Itsasoa harro, urtaroa epel eta lehorrago

Olatuek eta haize ufadek bortitz jo badute ere, iaz baino euri gutxiagorekin hasi da urtea; elurra ohi baino gutxiago egin du

Herritar bat aterkiarekin olatuei begira, Debako hondartzaren parean, joan den astean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2014ko otsailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urte hasiera gorabeheratsua izaten ari da; itsasoari dagokionez, batik bat. Olatu erraldoi eta haize ufada bortitzek atsedenerako ia tarterik gabe jo ditu kostaldeko herriak. Eguraldi makurra dela eta, Eusko Jaurlaritzak hamasei alditan ezarri du alerta urtarrilaz geroztik, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez. Alerta gorri, hori eta laranjen artean, urteko lehen 40 egunak ez dira batere ohikoak izan, sailburuaren arabera. Dena dela, urtea ohi baino lehorrago hasi da, iazkoaren aldean. Baita leunago ere: gutxi gorabehera, bizpahiru gradu berotu du. Negua epelagoa ari da izaten, eta horrek eragina du; urtarriletik hona gutxitan egin du elurra 600 metroren azpitik. Atzo, esaterako, 600 metrotik gora egin zuen. Nafarroako eta Arabako mendate batzuetan arazoak izan zituzten.

OLATUAK ETA HAIZE UFADAK Alerta laranjatik, abisu horira

Atzo alerta laranja zegoen ezarrita itsaso harroagatik eta haize ufada indartsuengatik. Ez zen ezbehar larririk jazo; nolanahi ere, haizeak hainbat zuhaitz eta autobus aterpe bota zituen. Gaur utziko dute bertan behera alerta laranja, baina abisu horia ezarriko dute haizearengatik. Donostiako krisi mahaiak adi dago oraindik ere, eta Salamanka pasealekua, itxita ibilgailuentzat. Gipuzkoan kalteak izan dituzten udalak asteon bilduko dira berriro erakundeekin. Bilera egunerako, kalte ororen zerrenden eta aurrekontuen berri ematera deituak daude.

GUTXIENEKO TENPERATURAK Batez bestekotik gora

Egunotako giroa ezatsegina izan bada ere, gutxieneko tenperaturak igo egin dira, iazkoen aldean. Gorramendin (Nafarroa), adibidez, 4 gradu egin du batez beste urtarrilean; azken bi asteetan, 1,7 gradu. Iazko batez bestekoarekin alderatuz, 0,7 eta 1,4 handiagoak dira, hurrenez hurren. Iaz gehiago hoztu zuen, zero azpitik 2,53raino jaitsi baitziren tenperaturak. Aurten, egunik hotzenean, zero azpitik 0,99 gradu izan dira.

Bizkaian ere nabarmen berotu du urte hasieratik. Urkiolan, batez beste 6,7 gradu izan dira, eta gutxieneko tenperatura zero azpitik 0,3 gradu izan da. Iaz egun gehiagotan egin zuten behera tenperaturek. Egunik hotzenean, -0,8 gradutan kokatu zen. Gaur, izotza egiteko arriskua dagoela iragarri dute, eta errepideetan kontuz ibiltzeko aholkatu dute. Elurra 700 eta 800 metro artean egin dezake.

EURIA Iazko datuen aldean, gutxiago

Hotz handia egiteaz gain, neguan ere euri zaparrada mardulak izan ohi dira Euskal Herrian. Gipuzkoan, Jaizkibel mendian, 258 ur litro metro koadroko neurtu ditu Euskalmetek, urtea hasi zenetik atzora arte. Iaz, denbora tarte berean, 302 litrotik gora bota zuen. Jaizkibelen adina euri egin du Elorrion (Bizkaia) urteko aurreneko 40 egunetan: 271 ur litro —iaz 550 litro jaso zituzten—. Esanguratsua da: iazko lehen hiru asteetan aurten zazpi asteetan baino euri gehiago egin zuen. Egunik euritsuenean, 63 litro neurtu zuten. Aurten, ordea, 34 ur litro.

Araban ere gogoz egin dute behera zaparradek. Gasteiz aldean ez ezik, Gorbeian jaitsiera adierazgarria neurtu du Euskalmetek. Urtarriletik, 242 litro pilatu dira. Iaz, tarte horretan, bikoitza baino gehiago bota zuen: 554 litro. Lau egunetan, 46 litrotik gora zenbatu zituzten metro koadroko.

Nafarroan are nabarmenagoak dira urte batetik bestera antzemandako aldaerak. Aralarren, esaterako, 167 ur litro pilatu dira urtarrilean. Toki horretako batez besteko historikoa —108— aise gainditzen badu ere, 2013ko datuen behetik da. Iazko zaparradek ia laukoiztu egin dituzte aurtengoak: 447 ur litro izan ziren orduan. Euri gehien egin zuen egunean, 92 litro neurtu zuten. Iragan hileko egunik euritsuenean, ez zen 45 ur litrora iritsi ere egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.