Itunak atea itxi dio euskararen ofizialtasunari

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernua osatzeko sinatu duten akordio programatikoak ez du jaso euskararen aldeko urrats nabarmenik. Euskalgintzan «kezka» nagusitu da, eta urrats ausartagoak eskatu dituzte.

Iker Tubia.
Iruñea
2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Legegintzaldi honetan ere ez. Euskara ez da ofiziala izanen Nafarroa osoan. Ez behintzat PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernua osatzeko sinatu duten akordio programatikoan jasotakoa betetzen badute. Ez da lortu euskararen zonifikazioa gainditzerik. 2015ean, Ezkerrak paratu zuen galga; 2019tik, PSNk. Euskararen auzia ez zen marra gorri bat izan gobernua osatzeko, eta ez da izanen aurrerantzean ere. Kontseiluak «atzera» egitea leporatu die alderdiei.

Akordio programatikoa argia da hizkuntza politikari dagokion atalean: Euskararen Legeari eutsiko diotela dio, «kontsentsuzko» arau gisa. Legea aldatzeko aukerari atea irekitzen dio, betiere Foru Hobekuntza «errespetatuta». Egun indarrean dagoen Euskararen Legea 1986an onartu zuten, eta hark ezartzen du hiru eremuko zonifikazioa. Euskara Nafarroako iparraldean baizik ez da ofiziala.

Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak onartu du gobernu itunaren negoziazioetan euskararen afera izan dela talkarik handienak sortu dituztenetako bat. «Desadostasun askok euskararekin dute zerikusia», esan du. Zapore «gazi-gozoa» du. «Aurrerapen garrantzitsuak daude, baina oso gauza garrantzitsuak akordiotik kanpo gelditu dira. Gure bazkideen artean, gehienbat PSNkoen artean, borondate falta ikusi dugu aurrera egiteko».

Kontseiluak gogor kritikatu du akordio programatikoa, euskarari dagokionez «atzerapausoa» delakoan. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak «kezka» agertu du euskararen sustapenari dagokion atalak 11 punturen ordez 8 dituelako orain: «2019koa ez zen aski euskararen normalizaziorako eta biziberritzerako; hura murritz gelditu bazen, hau are murritzago ikusten dugu». Itunean jasotako puntuak aurrekoan ageri dira ia hitzez hitz.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi izandakoak ere ondo ezagutzen du aurreko akordioa. «Kezkaz» mintzatu da, akordio hau «makurragoa» delakoan: «Legegintzaldi honetan hizkuntza politikak zer eman duen ikusita, antzeko terminoetan edo ahulagoetan oinarritutako itunak ez du gauza onik ekarriko».

Adostasuna, urruti

Akordio programatikoan adostasunik gabeko puntuak ere bildu dituzte. Zonifikazioa gainditzeko Foru Hobekuntza moldatzearena da horietako bat. Euskararen II. Plan Estrategikoa onartzea, Nafarroa osoan lanpostu publikoetan euskara baloratzea, eremu mistotik euskaldunera pasatzea eskatzen duten udalen nahiari bide ematea eta PAI legea atzera botatzea proposatu zuen Geroa Baik, baina ez zuen adostasunik lortu.

Litekeena da aurrerantzean euskara aintzat hartzea eremu mistoko lanpostu publikoetan, baina ez erdaldunean. «Horrek ez du inolako zentzurik, eta konbentzitzen saiatuko gara aurrerantzean ere», esan du Arakamak. Mañeruko (Nafarroa) kasua ere gogora ekarri du, gobernuak ez baitzion onartu eremu mistora pasatzea. «Udalen autonomia eta borondatea errespetatzeko zenbait proposamen eraman genituen, baina eskariak kasuz kasu aztertu beharko dira».

Puntu horiek ez erdietsi arren, Arakamaren arabera posible da aurrera egitea: «Politika asko egin daiteke euskararen ofizialtasuna lortu arte». Adostasunak badaude, eta Arakamak esan du «garrantzitsua» dela euskara «erdigune politikoan» paratzea «bizikidetza elementu gisa». Euskarabideak aurrekontu «aski» izanen duela azpimarratu du parlamentariak, eta departamentuetako hizkuntza planak onartuko direla. A eta D ereduetako eskari guziari erantzunen diotela ere jaso dute akordioan, eta Lehen Hezkuntzan D eredua duten herrietan Bigarren Hezkuntzan ere eskainiko dutela.

Bilbaok onartu du baliabideen kontua «hobetu» dela: «Politikoki errazena hori da», zehaztu du. Baina hizkuntza politika on batek hiru zutarri behar ditu: arauak, baliabideak eta planak. «Plan estrategikorik gabe, noranzko jakinik gabe, nekez egingo da euskarak behar duen hizkuntza politika», esan du Eskisabelek.

Horma bat euskarari

Sektore euskaltzaleetan, etsipena nabaritzen hasia da. Reyes Ilintxeta kazetaria Nafarroako Euskararen Kontseiluko kidea da, eta kezka azaldu du: «Kideen artean, irudipena da dena geldirik dagoela eta PSNk harresi moduko bat jarri duela euskararekin zerikusia duen guztiaren inguruan». Izan ere, sozialistek gelditu egin zuten Euskararen Kontseiluak prestatutako Euskararen II. Plan Estrategikoa. Akordio programatikoari jarraikiz osatu zuten plana, zenbait eragilerekin elkarlanean. PSNk ez zuen lan horretan parte hartu nahi izan.

Euskararen Defentsarako Sareak salatu du PSNri «txeke zuria» emanen diotela Geroa Baik eta EH Bilduk astelehenean. Euskarari dagokionez, akordioa «erabat lotsagarria» dela deritzote, eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak politika «erabat euskarafoboak» eginen dituela salatu dute. Horregatik, elkarretaratzea eginen dute bihar, 12:00etan, Nafarroako Parlamentuan.

Euskararen ofizialtasuna ez da marra gorri bat izanen alderdi abertzaleentzat; bai, aitzitik, PSNrentzat. «Ofizialtasuna eskubide kontua da, gutxieneko bat guretzat, baina, dena ala ezer ez dinamikan, normalean botere gutxien daukana da galtzaile; kasu honetan, euskaldunon komunitatea», esan du Arakamak. Bilbaok «heldutasuna» eskatu die alderdiei. «Desadostasunak kudeatu behar dira: saia daitezela erdibide bat lortzen. Ematen du hizkuntza komodina dela».

Ilintxeta aurrera begira paratu da: «Euskaldunok egunero erakutsi behar dugu ditxosozko hizkuntz errealitate hori aldatzen ari dela, eta Euskararen Legea erabat desfasatuta dagoela». Geroa Bai eta EH Bilduri gaia «behin eta berriro» ateratzeko eskatu die, «beldurrik gabe». Euskalgintzak «lan soziopolitikoa» egin behar duela esan du Eskisabelek: «Hizkuntza eskubideez ez ezik, bizikidetzaz, kohesioaz, demokrazian sakontzeaz eta dibertsitatea balioesteaz ere ari gara».

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek ere ekinaldi bat egin zuen atzo Iruñean, «haserrea» adierazteko. Esan du gobernua ez dela izango ez plurala, ez aurrerakoia, bestela ez lituzkeelako «etengabe eskubideak urratuko». Normalizazio prozesuari bultzada emateko baldintzak sortzera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.