MIKEL BUJANDA
Euskalerria Irratia«Euskararen Legea bera ere zabalegia da UPNren ikuspegitik»
Euskarabideak azken urteetan egindako bidea aztertzeko orduan, penagarri adjektiboa erabili du Euskalerria irratiko zuzendari Mikel Bujandak. Hasieran itxaropenerako arrazoiak izanzirela baina denborarekin, etabatez ere CDN gobernutik botatzearekin, horiek uxatu zituztela uste du. «Jaurlaritzarekin-eta bildu ziren, baina azkenean ezin izan dute ezer egin. Lourdes Auzmendik berak esan zuen UPNn horma aurkitu duela. Eta hori da gakoa: UPNk ez du utzi ezer egiten».
Historia errepikatu egin da, Bujandaren iritziz. «Alli presidente zenean, artean UPNkoa zela, bere alderdiak ez zion egiten utzi. Eta, orain ere, euskara izan da CDN gobernutik kanpo gelditzeko arrazoia. UPNk bota egin zuen». Hain zuzen ere, Euskarabidea «apaingarri penagarria» izan dela deritzo Euskalerria irratiko zuzendariak, eta batik bat CDN Nafarroako Gobernutik kanpo gelditu zenetik. «Ordutik Azanza erabat ezereztatua gelditu zen. Orduan dimisioa eman behar zuen, baina ez zuen egin. Eta hortxe segitu du orain arte».
Etorkizuna ere beltz ikusten du Bujandak, eta Yolanda Barcinarengan ez du konfiantza izpirik. «Legeak behartzen duen hura ere ahal den gutxien betetzen du. Beti jarriko dio galga euskarari, edo saiatuko da arrastotik ateratzen. Euskararen Legea bera ere zabalegia da UPNren ikuspegitik. Haiengatik balitz, eremu mistoa ere ez legoke, bakarrik alde euskalduna eta erdalduna».
Maximino Gomez ez du gehiegi ezagutzen, baina gaztetako «jarrera ezkertiarretatik» urrun dago gaur egun, Bujandaren iritziz.
SAGRARIO ALEMAN
IKA«Zoritxarrez, hizkuntza politika ezin dute bideratu gobernuak izendatzen dituen teknikariek»
Xabier Azanzak Euskarabidean egin duen lana eremu pertsonaletik aztertu gabe, euskararen institutuaren jardunaren atzean beti «UPNren gobernuaren itzala» egon dela uste du Sagrario Aleman euskaltzain eta IKAko arduradunak. «Gobernu horrek politika jakin bat sustatu du, ez euskararen aldeko politika bat, eta zuzendari nagusiek ezin dute gauza handirik egin. Ez Xabier Azanzak ez beste inork. Baliabide ekonomikoak ere falta zaizkie, baina politikoki ere markatzen dituzte». UPNk CDN Nafarroako Gobernutik kanpo utzi zuenean, Azanzak Euskarabideko zuzendari izaten segitu zuen, Carlos Perez Nievas kontseilari konbergenteak izendatu bazuen ere. «Nonbait, gobernuaren eta kontseilari berriaren ustez, egoki egiten zuen lan».
Orain, beste gobernu bat eratu da, baina hizkuntza politikan ez dela aldaketarik izango pentsatzen du Alemanek. Maximino Gomez Euskarabideko zuzendari berriaren jarduna ere ezagutzen du, garai batean Hezkuntza Kontseilaritzako euskara zerbitzuen arduraduna izanik helduen euskalduntzearen inguruko diru laguntzez arduratzen baitzen. «Baina, zoritxarrez, hizkuntza politika ezin dute bideratu gobernuak jartzen dituen teknikariek». Izan ere, Euskarabidearen ibilbidea UPNren «kontrolaren» isla izan da, Alemanen irudiko. «Euskarabidea sortu zenean, Perez Nievasek hartu zuen gidaritza, baina denborarekin, UPNk beretzat hartu du. Eta orain ere, nahiz eta PSN egon gobernuan, berdin jarraituko du».
NESTOR SALABERRIA
Sortzen Ikasbatuaz«Euskarabideko buruazein den ez da inportantea, erakundea bera da arazoa»
Euskarabidearen izaera eta egitekoa bera jarri ditu zalantzan Nestor Salaberria Sortzen Ikasbatuaz-eko ordezkariak, «Nafarroako gobernu ezberdinen euskararen kontrako politikak zuritzeko» erakundea izan baita, haren iritziz. «Eta hemendik aurrera ez da aldaketarik izango. Zonifikazioak segituko du, eta euskaraz ikasteko eskubidea ez da bermatuko herri eta auzo guztietan. Hori irailean bertan ikusiko dugu».
Hori dela eta, Xabier Azanza edota Maximino Gomez egon hizkuntza politika ez dela aldatuko dio Salaberriak. «Burua zein den ez da inportantea, erakundea bera da arazoa». Alde horretatik, Sortzen Ikasbatuaz-ek ez dio Gomezi «inolako sinesgarritasunik» emango. «Nahiz eta orain koalizio gobernu bat izan, badakigu bi alderdi horiek euskararen kontrako jarrera izan dutela azken 25 urteotan. Ez dugu inolako aldaketa politikorik espero».
OSKAR ZAPATA
Topagunea«Imajinatzen dut lepo beretik joango direla gauzak;hobera, behintzat, ez»
Xabier Azanzarekin behin baino gehiagotan bildu behar izan du Oskar Zapata Topaguneko kideak, eta «ikuspegi politikotik eta exekutibotik», harremana «gazia» izan da, batik bat euskarazko hedabideentzako diru laguntzak eten egin zituztelako duela bi urte. «Euskarabideak ez du baliabiderik izan, eta, ondorioz, gurekin izandako harremana, kasu gehienetan, ezetz esateko izan da». Zapataren esanetan, Azanza Nafarroako Gobernuko ordezkari gisa aritu da, eta «askotan» esan die beren eskaerei ezin diela erantzun.
Maximino Gomez Euskarabideko buru berria ez du ezagutzen Zapatak, baina ez du uste kargu aldaketak norabidean eragingo duenik. «Hezkuntza kontseilari Iribas [Jose] izendatu dute, eta ezagutzen dut, euskararen aholku batzordean kide dudalako. Eta Iribas oso lotuta egon da UPNren gobernuari eta UPNren hizkuntza politikari». Etorkizuna, ondorioz, antzerako dakusa Topaguneko ordezkariak: «Guk garbi dugu egonkortu egin behar direla euskarazko hedabideak eta aurrera egingo badugu kultur jarduerak sustatzeko baliabideak behar direla. Eta hemendik aurrerako harremanetan eskaera horiek tinko defendituko ditugu».
Nolanahi ere, Euskarabidea sortu zeneko «ilusioa» ez du sentitzen gaur egun. «Ez, imajinatzen dut lepo beretik joango direla gauzak; hobera, behintzat, ez».