Itxi gabeko zauriak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 familiak baino gehiagok eskatu dute beren senideen gorpuzkiak Cuelgamurosetik ateratzeko. Jose Larrañaga da han dauden milaka euskaldunetako bat, eta haren bi iloba dabiltza osabaren gorpuzkia berreskuratu nahian.

Jesus Aristegi Larrañaga eta Maite Aristegi Larrañaga, Elorrion. BERRIA
Jesus Aristegi Larrañaga eta Maite Aristegi Larrañaga, Elorrion. BERRIA
Isabel Jaurena.
Elorrio
2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Jose Larrañagak 18 urte zituen frankistek hura bere baserritik hartu eta gerrara eraman zutenean. 1938an hil zuten frontean, Gandesan (Tarragona, Herrialde Katalanak), eta 21 urte beranduago eraman zuten haren gorpua Cuelgamuros haranera (Espainia)  —2022an horrela izendatu zuten Erorien Harana—. Bertze ehunka euskal herritarrekin gertatu bezala, Larrañagaren familiari ez zioten baimenik eskatu; are, desagertutzat jo zuten urte luzez. Elorrion (Bizkaia) bizi zen gaztea, bertze 11 anai-arrebekin batera. Jesus Aristegi Larrañaga eta Maite Aristegi Larrañaga anai-arrebak ari dira osaba zenaren istorioa eraiki nahian. Orain dela zazpi urte hasi zuten ikerketa, eta jakin zuten Cuelgamurosera eraman zutela: herenegun bertara joateko aukera izan zuten.

Biek aitortu dute gerraren gaia tabua zela haien ama zenaren etxean, eta ez zela ia hitz egiten osaba zenari gertatutakoaz. Hitzez mintzo ez baziren ere, beren amatxi zenaren –Jose Larrañagaren ama– ekintza eta aldartea ongi gogoratzen ditu Maitek: «Gure ama zena Bergarara ezkondu zen, baina amama bisitatzera etortzen ginenean kikilduta egoten zen sutondoan. Beti zegoen negarrez, beti triste». Begiek dir-dir egiten diote amatxi zenaz oroitzean, eta eskuak bularrera eraman ditu osaba haren ondoan lurperatzea bertzerik ez dutela nahi erratean. «Zentzugabekeria handia da baserri batean zegoen mutil gaztea hartu eta horrela eramatea, eta, gainera, ezin aitortu ahal izatea hori egin izana eta erreparaziorik ez egotea», borobildu du.

«Pertsonak ziren, familiak zituzten, eta han utzi zituzten, zaindu gabe. Trantsizio eta memoria demokratikorako oso garrantzitsua da ahaleginak egitea, zaila izan arren».

MAITE ARISTEGI LARRAÑAGAOsaba zena Cuelgamurosen du

Jesus ados dago, eta azpimarratu du «iraganeko zauriak ixtea» beharrezkoa dela: «Atzean dagoena ikusi behar da ondoren etorriko denari aurre egiteko». Hortaz, memoria historikoa lantzeko dagoen erari «buelta» eman behar zaiola dio, eta Cuelgamurosen gertatzen ari den horretan jarri du arreta: «33.600 pertsona eraman zituzten hara, eta hamabi bakarrik atera dituzte». Zehaztu du oraindik han dauden horien artean, 166 familiak solik eskatu dutela beren senitartekoen gorpuzkiak itzultzeko –horietatik 30 baino gehiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak dira–; eta familiei eskaerak egiteko deia egin die, izapide hori egin gabe gorpuzkiek han jarraituko dutelako. Zehazki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.231 gorpuzki daude han.

Eskaera egitea, baina, zauria ixteko lehenbiziko pausoa bertzerik ez da: senitartekoen DNA laginak behar dira, eta haranean dauden gorpuzki guztien artean bakoitzaren senidea bilatu eta identifikatu behar da. Larrañaga zenaren kasuan, haren arrebetako baten DNA lagina hartu zuten, eta, kide hurbila den heinean, lagin «oso ona» dela zehaztu du Maitek. Halere, bide zaila izanen da familiarena, hala aitortu dielako haranean lanean dabilen auzitegi mediku lantaldeak.

Paco Etxeberria, erdian, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Cuelgamurosera egin zuen bisitan. FERNANDO CALVO / EFE
Paco Etxeberria, erdian, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Cuelgamurosera egin zuen bisitan. FERNANDO CALVO / EFE

Jesus herenegun bildu zen haiekin: «Gu bertara joan baino lehen dena atondu dute, eta oso neurri zorrotzak hartu dituzte bisitak egiteko: ate bat ixten denean irekitzen da bestea, airea zaintzeko makinak dituzte, barrura joateko buzo txuri batzuk jantzi behar ditugu, eta aldian hiru familia joan gaitezke, guztira bederatzi pertsona, gehienez». Paco Etxeberria auzi medikua buru dutela, ia 30 laguneko taldea dabil desobiratze lanetan: sei auzitegiko mediku eta bertze hainbat alorretako hogei profesional, hala nola historialariak, antropologoak eta genetikariak.

Identifikazio lanak

Bertan azaldu zieten Gandesatik 700 lagun baino gehiago eraman zituztela haranera, kutxetan. «Dena dago birrinduta, hezetasunagatik. Gure kasuan esan ziguten oso zaila izango zela identifikatzea; zati horren beheko aldean dagoen guztia, adibidez, ezagutezina da». Baina ez dute itxaropena galtzen, hezurrekin ez ezik «detaileekin» ere lan egiten dutela baitio Maitek. Xeheago azaldu du Jesusek: «Esan ziguten botoiak, edo kaxetan idatzita dauden izenak oso-oso garrantzitsuak direla identifikazio lanetarako».

«Ez da posible horrelako urte pila pasatu eta gero, guztia horrela gelditzea. Kutxaz beteta dago, bata bestearen gainean, eta hezurrak han».

JESUS ARISTEGI LARRAÑAGAOsaba zena Cuelgamurosen du

Azpiegituren egoera onena ez den arren, han barruan ikusitakoak «indar handia» duela dio Jesusek: «Ez da posible horrelako urte pila pasatu eta gero, guztia horrela gelditzea. Kutxaz beteta dago, bata bestearen gainean, eta hezurrak han». Ezin du hitzez adierazi han ikusitakoaren neurria, baina amorrua nabaria da bere hitzetan. Ikusitakoaren argazkiak erakusteko nahia du, baina erran du «protokoloagatik» ez zuela irudirik ateratzeko aukerarik izan. Maite ez zen barrura sartu, «emozionalki oso gogorra» da esperientzia hori beretako. Anaiak bezala, Maitek ere «erreparazioa» beharrezkoa dela uste du: «Erorien Harana estatu kolpearen eta ondorengo barrabaskeriaren ondorio zuzena da. Ikusten dugu hori egin zutenen ondorengoek berdin jarraitzen dutela, hau guztia ukatzen dutela. Hori ikusirik, guk ahal duguna egin behar dugu».

Beraz, biek ala biek argi dute aurrera jarraituko dutela, osaba zena herrira ekartzeko, eta hura bezala baimenik gabe eraman zituzten herritarren familiek beren senideak berreskura ditzaten. «Pertsonak ziren, familiak zituzten, eta han utzi zituzten, zaindu gabe. Trantsizio eta memoria demokratikorako oso garrantzitsua da ahaleginak egitea, zaila izan arren», azaldu du Maitek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.