Itxiera baztertu, eta Arabako erremolatxa erosten jarraituko du Mirandako azukre lantegiak

Lauzpabost urte barru laborearen produkzioa egungoaren halako bi izatea nahi du Jaurlaritzak

Ivan Santamaria.
2007ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Etorkizuna argiago ikusten dute gaurdanik Araban erremolatxa landatzen dituzten nekazariek. Miranda de Ebroko (Burgos, Espainia) azukre lantegiak, uzta hori jaso eta azukre bihurtzen duen enpresak, ez ditu ateak itxiko. Aldiz, lantokia zabalik irauteko eta lehiakortasuna handitzeko ahaleginari helduko dio, Eugenio Ruiz-Galvez Azucarera Ebro konpainiako kontseilari ordezkariak iragarri duenez.

Albiste ona da sektorearentzat, Europako Batzordeak azukre merkatu komunaren antolakuntzaren erreforma onartu zuenetik ziurgabetasun egoera jasan baitu. EBren asmoa azukre produkzioa %35-40 murriztea da batasuneko herrialdeetan, eta horretarako laborea uzten duten nekazariei kalte-ordainak emango dizkie. Merkatu antolakuntza berriak 2014. urtea arte iraungo du.

Arabako nekazarien patua ezinbestean lotuta zegoen Mirandako lantegiaren etorkizunarekin, erremolatxa beste norabait garraiatzea ez litzatekeelako errentagarria. Oraingoz, kezka hori uxatu dute azukre lantegiko jabeek. «Prest gaude Mirandaren alde apustu egiteko orain, eta baita 2014. urtetik aurrera ere», ziurtatu zuen Ruiz-Galvezek.

Gonzalo <#000>Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuarekin eta Estefania Beltran de Heredia Arabako Nekazaritza diputatuarekin batera prentsaurrekoa eskaini zuen Azucarera Ebroko kontseilari-ordezkariak.

Azukre ekoizpena erdira jaisten duten herrialdeetan, bost urtez (2009/2010 kanpainatik) erremolatxaren salneurriari laguntzak ematea baimendu du Bruselak, eta abagune horri helduko diote laborea lantzen duten 450 nekazari arabarrek. EBk tona bakoitzeko onartzen duen gehienezko prezioa, 27 euro, orain batez beste kobratzen denarekin (35 euro) parekatzea ahalbidetuko dute laguntza horiek. Bitartean, erremolatxa 2014. urtetik aurrera ere errentagarria izan dadin pausoak eman beharko dituzte



MIRANDAKO «MIRARIA». Mirandako azukre lantegiaren kuota, 80.000 tona, nahiko txikia dela kontuan hartuta, egokiena ixtea izango zela pentsatzea logikotzat jo zuen Ruiz-Galvezek, baina ez dute horrela jokatu. «Mirandakoa mirari txiki bat da. Horren alde apustu egitea erabaki badugu, neurri handi batean, Jaurlaritzako Nekazaritza Sailaren babes argi eta irmoa jaso dugulako erabaki dugu».

Araban laborea ia galdutzat jotzetik ofentsibara pasatuko dira politika publikoak. Lehen emaitza iazko kanpaina da, uzta %6,3 handitu baitzen. Baina erronka benetan labore lehiakorra lortzea da, eta horretarako erremolatxarako lur sailen hedadura lauzpabost urteren buruan egungoaren halako bi izatea nahi du Nekazaritza departamentuak. Era berean, uztaren produktibitatean ere lehiakorrago bihurtzeko, egungo 85 tona hektareako kopurutik 120 tonara iristeko helburua ezarri du.



«Pentsaezina da orain bioerregaiak egitea»

Bruselaren erreformak irtenbide gutxi uzten zizkien erremolatxa nekazariei. Labore nahiko hedatua izateaz gain, ordezkatzeko zaila litzateke. Baina nekazariek ez ezik, enpresek ere alternatibak bilatzen hasiak ziren. Hala, Mirandako azukre lantokiko akziodun nagusiari, Ebro Pulevari, zerealetatik eta erremolatxatik bioetanola ateratzeko lantegia martxan jartzea bururatu zitzaion. Are gehiago, proiektua nahiko aurreratuta zuen, eta garai batean 55 milioi euroko inbertsio bati buruz hitz egin zen.

Orain, ordea, egoera guztiz bestelakoa da. Salamancan Abengoarekin erdibana duen lantokia geldirik dago, eta ez da abentura berrietarako sasoia. «Egungo baldintzetan pentsaezina da», ziurtatu dute Azucarera Ebrokoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.