Gipuzkoa

Itxita dago Gipuzkoa

Donostian manifestazio oso jendentsua egin dute, eta ia guztia dago itxita. Arrasate inguruan, Goierrin eta Tolosaldean itxita daude enpresa handiak. Errenterian istiluak izan dira: lau pertsona zauritu dituzte ertzainek. Jaurlaritzak %62ko jarraipena aipatu du Gipuzkoako industrian.

2012ko martxoaren 29a
08:10
Entzun

Gipuzkoan jarraipen oso handia ari da izaten greba. Donostia aldean nabaria da eragina: manifestazio oso jendetsua egin dute kaleetan. Gainezka egin dute Bulebarrak eta inguruko kaleek. Itxita daude denda eta taberna gehienak, eta enpresetan ere oso handia da eragina.

Jaurlaritzak eman ditu datuak alorrez alor: garraioan %69, industrian %62, zerbitzuetan %42 eta komertzioan %26. Adegi enpresarien elkarteak gutxietsi egin du protesta: "Grebak Gipuzkoan ez du izan iragarritako jarraipen handia". Haren arabera, hamar langiletik seik ere ez du egin lanuztea.

Gipuzkoako enpresa nagusietako langileek bat egin dute greba deialdiarekin. Besteak beste, itxita daude Arrasateko Fagor, Bergarako Arcelor eta Oñatiko Ulma; Goierrin, itxita daude CAF, Irizar, Ampo eta Indar, besteren artean; Tolosaldean, ez dago batere mugimendurik Apattaerreka industrigunean; Lasarte-Orian, langile bakarra joan da Michelinera, eta Hernani aldea geldituta dago; Oiartzualdean, Pasaiako portuan ez dago jardunik, eta berdin inguruko enpresetan ere; Urola inguruan, itxita daude Azkoitiko Sidenor, Azpeitiko Corrugados eta Zestoako TS Fundiciones, besteak beste.

Gutxieneko zerbitzuak normal betetzen ari dira garraioetan eta osasun zerbitzuetan. Hezkuntzan, Jaurlaritzak aginduta, eskolak ireki behar izan dituzte; ordea, apenas joan den ikaslerik. Mugimendurik ez dago EHUren campusean ere. Erakundeetan ere mugimendu gutxi; besteak beste, diputazioa itxita dago.

Istilu handienak Errenterian izan dira orain arte. Lekukoen arabera, lau pertsona zauritu dituzte ertzainek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.