Euskal presoak

Itziar Plaza presoari eraso egin diotela salatu du Kalera Kalera-k

Frantziako Reauko espetxean dago Plaza, eta preso sozial batek jo egin zuela jakinarazi du Sorturen Kalera Kalera ekinbideak. Buruan eta gorputzean kolpeak eta ubeldurak dituela salatu du.

Kalera dinamikak presoen eskubideen alde egindako manifestazio bat. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 19a
08:54
Entzun

Reauko gainerako euskal presoek esanda jakin dute Itziar Plaza euskal presoari eraso egin ziotela uztailaren 11n, Frantziako Reauko espetxean. Kalera Kalera-ren arabera, Plaza bakarrik zegoen une bat baliatu zuen beste presoak hura jotzeko. Bi ukabilkada eman zizkion buruan, eta lurrean zegoela ostikoka ekin zion.

Kalera Kalera-k salatu duenez, espetxeko funtzionarioek bazekiten preso sozial horrek euskal presoen kontrako jarrera duela: "Probokazioak, irainak... Eraso horiek denen aurrean egiten zituen". Hala ere, gertatutakoaren arriskua aurreikus zitekeen arren, espetxeak ez zuela inolako neurririk hartu salatu du.

Gogora ekarri du, gainera, Plazari egin dioten erasoa ez dela azkenaldian Frantziako espetxeetan euskal presoei egin dieten bakarra. Hori guztia amaitu beharra aldarrikatu du Kalera Kalera-k: "Bukatu egin behar da senide eta lagunentzat deserriratzeak dakarren zigor erantsia eta euskal presoen bakartzea eta babesgabetasuna handitzen duen sakabanaketa".

Frantzian 71 euskal preso dauzkate, hogei espetxetan, eta horrek esan nahi du bi edo hirunaka daudela; alegia, "bakartzearen mugan", Kalera Kalera-ren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.