Emakumeen eskubideak

IV. Jardunaldi Feministak egiten ari dira Portugaleten, emakumeen aurkako "ofentsibari" erantzuteko

Duela 14 urte egin ziren aurreko jardunaldiak, eta, beraz, beraz, mugimendu feministak urteotan izan duen bilakaera aztertzeko aukera emango du, baita belaunaldi desberdinetako emakumeak biltzekoa ere. "Eskubide askok irabazi eta lortu gabe" jarraitzen dutela azpimarratu dute antolatzaileek.

2008ko apirilaren 12a
12:58
Entzun
Maite Asensio

«Eskubide asko irabazi ditugula esatea ez da zuzena. Asko ez ditugu irabazi, eta irabazi ditugula esaten diguten beste asko ere ez ditugu lortu». Emakumeen eskubideen aurkako «ofentsibari» nola aurre egin hausnartzen ari dira mila emakume inguru Portugaleten (Bizkaia). Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak egiten ari dira, Euskal Herriko Unibertsitateko Nautika Fakultatean; aurrekoak duela hamalau urte egin zituzten. Feministok eraldaketarako borrokan! lelopean, egungo eta etorkizuneko erronkak aztertuko dituzte. Horretaz gain, aldarrikapenak kalera aterako dituzte gaur: 20:00etan Bilboko Plaza Biribiletik manifestazioa irtengo da, eta parte hartzera deituta daude emakume guztiak.

«Ilusio handiz» ekin zion Euskal Herriko Koordinadora Feministak jardunaldiok antolatzeari. Izan ere, 1994an egin ziren azkenak. Asteburu honek, beraz, mugimendu feministak urteotan izan duen bilakaera aztertzeko aukera emango du, baita belaunaldi desberdinetako emakumeak biltzekoa ere. Gainera, hamalau urte hauetan eztabaida feministan agertu diren gai berriak jorratuko dituzte, hala nola lesbianen ikusgaitasuna, queer teoria edota prostituzioa.

Hiru ardatz nagusi izango dituzte jardunaldiek: Emakumeok herrian eta munduan, Emakumeok indarkeria sexistari aurre eginez eta Emakumeok, gure identitateak eta gure gorputz intsumituak. Ardatzok lantzeko 23 ponentzia egongo dira gaur eta bihar, baita dozena bat lantegi ere. Jardunaldiak diruz lagundu dituen erakundeen artean Emakunde dago.

Hasteko, Euskal Herriko zein kanpoko emakumeen egoera aztertzen ari dira gaur. Emakumeen arazo orokorrez gain, feministek Euskal Herriko gatazka politikoan duten parte-hartzea ere aztergai izango dute. Arratsaldean, berriz, hainbat emakumek familiaren barruan zein gizartean pairatzen duten indarkeriaz jardungo dute. Emakumeen aurka «gero eta eraso gehiago» dagoela nabarmendu du Euskal Herriko Koordinadora Feministak, eta horren atzean «emakumeen askatasuna mehatxatzen duen familia eredu patriarkalaren inposizioa» ikusten du.

Bihar, azken hilabeteotan berebiziko oihartzuna izan duten aldarrikapenak berretsiko dituzte, emakumeen sexualitatearen, eskubide sexualen eta abortuaren inguruko aldarrikapenak, hain zuzen ere. «XXI. mendean gaude, eta oraindik horrela gaude. Denboran atzera egin dugula ematen du», azaldu dute Koordinadora Feministako kideek. Hain justu, amatasunaren inguruan modu askean erabaki ahal izatea zein abortu librea eta doakoa izatea eskatzen zuten leloak nagusitu ziren iragan martxoaren 8an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.