Donostia 2016ren azken bi urteetako bilakaeraren inguruan egin duen balorazio txostenarekin pozik azaldu da Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, lanean bide onean ari direla ondorioztatu baitu. Horixe da batzordearen txostenetik egin daitekeen irakurketa bakarra Donostiako alkatearen hitzetan, eta besterik esaten dutenek txostena ez dutela irakurri esan du, edo gaizki ulertu dutela.
Bruselak proiektua hobetzeko egiten dituen oharrak ere aztertu dituztela adierazi du Donostiako alkateak, eta jada konpondu dituztela konpondu beharrekoak. Besteak beste, txostenean Europako kultur hiriburu izaerari eusteko eskaera egiten da, “bertako publikoari soilik zuzendutako ospakizuna izateko arriskua uxatzeko”. Izagirreren esanetan, webguneko hizkuntzei egiten die erreferentzia ohar horrek, eta, jakinarazi duenez, jatorrizko euskarazko eta gaztelerazko bertsioez gain, frantsesezkoa eta ingelesezkoa gaineratu dute jada.
Bestetik, txostenean Espainiako Gobernuari gogorarazten dio 11 milioi eurotako ekarpena egiteko konpromisoa hartu zuela, eta hori ez betetzeak kultur programaren aplikazioan atzerapenak ekar ditzakeela, baina Izagirre “itxaropentsu” agertu da, eta ondorengo asteetan Madrilek konpromiso hori beteko duelakoan dago.
Kultura eta hizkuntza gutxituen alde egindako lana, zuzendaritza berriaren aukeraketa, fundazioaren organigraman norbanako eta erakunde gehiago integratu izana eta indarkeria gainditzeko kulturaren balioa txalotu ditu Bruselak txostenean, Izagirrek esan duenez, eta, horrexegatik, hasitako bidean lan egiteko eskatu dio fundazioari orain arteko lanagatik zoriondu eta gero. Proiektua hiriburutza irabazi zuen berbera dela gaineratu du: “Hautagaitza irabazi zuen proiektua da lantzen ari garena, eta Bruselan erabateko konfiantza daukate horren inguruan”.