Azaroan kaleratu zuen Txalaparta argitaletxeak Historia de las mujeres en Euskal Herria. Prehistoria, romanización y Reino de Navarra liburua (Emakumeen historia Euskal Herrian. Historiaurrea, erromanizazioa, eta Nafarroako Erresuma). Rosa Iziz (Iruñea, 1956) eta Ana Iziz (Iruñea, 1962) ahizpak dira egileak. Historia eta Geografiako lizentziaduna da Rosa Iziz, eta Zuzenbidekoa, berriz, Ana Iziz. Txalapartak Euskal Herriko andreen historiari buruz egitekoa duen sailaren lehen atala da liburua.
Emakumeen historia Euskal Herrian; inoiz ikertu ez den gaia dela adierazi duzue.
ANA IZIZ: Badaude lan partikularrak, zehatzak, herri batzuetan, emakume batzuen ekarpenak, baina Euskal Herri osoarentzat genero ikuspegia duen lanik ez dago. Bibliografia espezifikorik gabeko espazio bat ari gara betetzen. Gehienbat Erdi Aroko agiriak bildu genituen, eta aitzineko garaietarako iturri arkeologikoak, piktorikoak eta bibliografikoak bilatu genituen.
ROSA IZIZ: Agirietan izen-abizenekin ageri diren emakumeak atera nahi genituen; ez genuen printzesei buruz solas egin nahi.
A. I.: Eman ditugun hitzaldi batzuetan bitxia iruditu zaigu hainbat emakumek ezin zutela sinetsi agirietan ez dela ageri kargu publikoren bat bete zuen emakumerik.
R. I.: Bakarra dago, Catalina Badostaingoa, 1410. urtean, baina kasu berezia da. Senarra Zangozako merinoa zen, eta, hura hil zenean, urtebetez izan zuen merino kargua.
A. I.: Horregatik, ikuspuntu horretatik, ez dago emakumeen presentziarik. Legeak, foruak, ordenantzak... bertzelako agiriak begiratu behar dira, eguneroko bizitza erakusten dutenak.
Industria iraultzaren aitzinetik ezarrita zegoen rol banaketa aztertu duzue, eta datu adierazgarriak argitaratu dituzue. Soldata banaketarena, errate baterako.
A. I.: Kalkulatzen denez, Erdi Aroan emakumeei gizonezkoei baino %50 gutxiago ordaintzen zitzaien. Antzeko lanak zituztenean, beti ikusten da aldea.
R. I.: Adibidez, Iruñean gazteluak eraikitzeko lanetan, 1275ean.
A. I.: Duela gutxi irakurri nuen nazioarteko erakunde baten arabera egun andreek %26 gutxiago irabazten dutela. Martxa honetan, bertze ehunka urte beharko lirateke berdintasunera heltzeko.
Erdi Aroari buruz aurreiritzi anitz dagoela diozue.
R. I.: Erdi Aroari buruz hagitz ideia orokor eta sinplea dugu. Aro ilun eta goibeltzat dugu, baina ez da egia. Biziraupenaren mugan bizi ziren, eta gizarte horrek ezin zuen denbora galdu. Emakumeak 30 urte inguru bizi ohi ziren, eta hamar haur eduki zitzaketen, eta gizonak 40 urte inguru bizi ohi ziren. Nukleo txikietan eta etxe txikietan bizi ziren, eta sexua izan ohi zen jendearen babeslekua. Zentzu anitzetan, ondorengo garaietan baino libreagoak ziren.
A. I.: Araudi batzuetan debekatu egiten zuten elizetan sexu harremanak izatea. Kontuan hartu behar da Erdi Aroan elizak zirela beti irekita zeuden eraikin bakarrak; argia egiteko materiala zuten, eta anitzetan harrapatzen zituzten bikoteak bertan.
R. I.: Legeen bidez saiatzen ziren portaera horiek aldatzen. XII. eta XIII. mendeetan, Eliza saiatu zen bikote harreman monogamoak ezartzen, ezkontzak arautzen... baina elizgizon anitzek ere ez zituzten arau horiek betetzen, eta maitaleak eta seme-alabak izan ohi zituzten.
Bizimodu horren aldaketa erabakigarria Trentoko Kontzilioak (1545-1563) ezarri zuela diozue. Nola eragin zuen?
R. I.: Erabateko aldaketa izan zen. Trentoko Kontzilioak lehenbiziko aldiz ezarri zuen dena idatziz biltzeko betebeharra: jaiotzak, heriotzak eta ezkontzak. Ordura arte pentsaezina zen araudi bat sortu zuen. Lehen aldiz ezarri zen populazioaren kontrola zergak biltzeko ez den asmo bategatik.
A. I.: Ezkontzak, errate baterako, ezkontza kapitulazioen bidez egiten ziren. Formula xumeak ziren, euskaraz anitz, eta gero beteko ziren ala ez. Elizak, ordea, erritu bat ezarri zuen, elizan bertan egin beharrekoa, jendaurrean. Zertarako? Hura izateko legitimazio iturri, eta ezkontza desegin ezina izateko.
Trentoko Kontzilioaren aitzinetik, Gaztelak Nafarroa inbaditu zuen. Eragin berezirik izan al zuen horrek emakumeengan?
R. I.: Oro har, gizon zein emakume, herritarrak libreagoak ziren Nafarroako Erresuman, ondoren Gaztelakoan baino. Berezko legeak genituen, eta, errespetatu zirela erraten bada ere, bertze botere bat ezarri zen gainetik, eta erlijioso, administrari eta militar pila bat etorri ziren. Gainera, konkistan emakumeek hartu zuten etxeen, ondasunen, negozioen eta familien ardura, gizonak gerran edo erbestean zeudelako. Konkista bukatu zenean, emakumeei lortutako guztia kendu zieten, I. Mundu Gerran gertatu bezalatsu. Prozesu judizial anitz izan ziren, eta emakumeek alegatu zezaketen gauza bakarra zen jabetzak mantendu nahi zituztela gero semeei uzteko.
Beñat Etxeparek emakumeen alde idatzitako bertsoak ere nabarmendu dituzue liburuan.
R. I.: Berez, ez dugu deus deskubritu, baina nabarmendu egin dugu, liburuko aurkikuntza politenetakoa baita euskarazko lehenbiziko liburua idatzi zuenak halako bertsoak egin izana. Orduko pentsalari euskaldunak, Joanes Uharte Donibanekoa, Frantzisko Xabierkoa, Ignazio Loiolakoa... guztiak ziren misoginoak. Baina, halako batean, Etxepareren bertsoak irakurri genituen, eta, azken finean, erraten ari zen gizonek emakumeak errespetatu behar zituztela.
A. I.: Halako zerbait erraten duen bakarra da.
Rosa Iziz eta Ana Iziz. Historialariak
«Izen-abizenekin ageri diren emakumeak atera nahi genituen»
Euskal Herriko historia orokorrari buruz «genero ikuspegiarekin» egindako lanik ez dagoela adierazi dute Rosa eta Ana Iziz ahizpek. «Bibliografia espezifikorik gabeko espazio bat» bete nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu