Izen aldaketarekin «euskal nazioaren askatasuna» aldarrikatuko du EAJk

Ortuzarrek onartu du gaztelerazko izenean 'nacionalista'-ren ordez 'nacional' deitzea nahi duela zuzendaritzak

Erredakzioa
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Sabino Aranak Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zuenetik gazteleraz Partido Nacionalista Vasco izena hartu du alderdiak. Urtarrilaren 13tik 15era bitartean Barakaldoko BEC erakustazokan VI. batzar nagusia egingo du EAJk, eta horri begira, zuzendaritzak beste proposamenen artean gazteleraz alderdia Partido Nacional Vasco izendatzea proposatu du. Azken egunetan hainbat informazio kaleratu dira proposamen horri buruz, baina atzo Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Onda Vasca irratiari baieztatu egin zion berria. Haren ustez, izen aldaketarekin «euskal nazioaren askatasuna eta aitortza» aldarrikatu nahi du EAJk. «Adiera modernizatu egin nahi dugu», arrazoitu du.

Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa horretan, Ortuzarrek zehaztu du proposamen hori eztabaidagai dagoela alderdi barruan. Batetik, azaldu du Europako «joera politiko handiei» lotzea lortu nahi duela EAJk: «Azkenaldian nazionalista hitza eta -ista atzizkia duen edozein adiera politiko muturreko mugimenduei lotuta daude». Hala, Ortuzarrek gaineratu du ingelesera zein frantsesera itzultzerakoanez duela itxura onik hartzen izenak: «Muturreko alderdiekin alderatzeko arrisku txiki bat dago, eta horrek zailtasun txiki batzuk eragiten ditu nazioarteko harremanetan».

Atzean, ordea, eztabaida sakonago bat dagoela aitortu du Ortuzarrek. Haren iritziz, Sabino Aranak alderdia euskal kontzientzia nazionala esnarazteko helburuarekin sortu zuen 1895ean. Ortuzarrek uste du dagoeneko kontzientzia hori «oso sendoa» dela eta Euskal Herria nazio gisa aitortzea dela orain «beharrezkoa». «Horregatik eman dugu pausoa. Lehenago, gure asmoa zen euskal kontzientzia nazionala esnaraztea; orain, berriz, euskal nazionaren askatasuna lortzen saiatuko dugu», argudiatu du.

Nahiz eta gaztelerazko izeneannazional adjektiboa aldatu nahi izan, Ortuzarrek ukatu egin du EAJk euskal abertzaletasunaren hegemonia islatu nahi duela. «Gure asmoa ez da nagusigoa hartzea, are gutxiago euskal abertzaletasunaren esparru politikoan, non euskal nazioa ikusteko eta ulertzeko beste modu batzuk dituzten beste alderdi batzuk jada badiren». Quebecen Parti Quebecois alderdiak eta Eskozian Eskoziako Scottish National Partyk hartutako bidea errepikatu nahi izan duela dio.

Euskaraz ez dute izenik aldatu nahi izan, baina EAJren Jaungoikoa eta lege zarra lelo ezaguna erreferentzia hartuta, Ortuzarrek azaldu du etorkizunera begira «lege zarra lege berri bihurtzea» nahi dutela. «Euskal Herriaren eskubide historikoak inspirazio iturri eta oinarri politikoa dira euskal konstituzio berri bat eraikitzeko». Ortuzarrek zehaztu du eskubide historikoak «erabaki eskubidearekin batera» baliagarri izan daitezkeela euskal gatazka konpontzeko.

«Bilduk ez gaitu bahitu»

Zuzendaritzak urtarrileko batzarrari begira aurkeztuko duen txosten politikoa, beraz, ez da izen aldaketara mugatzen. Txosten horren edukia «Ibarretxeren B plana» ote den galdetuta, ukatu egin du halakorik. «EAJk 116 urte ditu. Burujabetasuna, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioa betidanik izan ditu bere ideia politikoen artean, baita Ibarretxe ailegatu aurretik ere». Haren ustez, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakari ohiaren plan harekin ahalegin handi bat egin zen konponbide politiko baterako, baina «Madrilek itxi egin zuen atea». Hala, Ortuzarrek gaineratu du ez dela B plan bat. «Bilduk ere ez gaitu bahitu, [Antonio] Basagoitik adierazi bezala».

Urtarrilerako batzar nagusia EAJren organo gorena dela gogorarazi du Ortuzarrek, eta nabarmendu du batzar horretan EAJk hurrengo lau urteetarako ildo politikoak eta ekonomikoak zehaztuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.