Izozmendiaren tamaina

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren epaiak agerian utzi du 1990eko hamarkadan Ogasunean ezarritako kontrol neurriek kale egin zutela.

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Ogasunean 1990eko hamarkadan izandako iruzurraren benetako tamaina azaleratzen hasi bada ere, Irungo bulegoan gertatutakoa ez da kasu bakan bat. Izozmendiaren erpina izan daiteke, baina oinarria ezagutzea falta da.

Irunen gertatutakoari buruzko erantzukizun politikoak zehaztu zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2009ko urtarrilean, eta ondorioztatu zuten 1990eko hamarkadan Ogasunean ezarritako kontrol neurriek kale egin zutela, eskasak zirela eta Foru Aldundiaren jarrera pasiboa izan zela. Hori hala, ebatzi zuen hainbat espediente aztertu gabe artxibatu egin zirela eta Ogasunak jaso ez zuen zorra 8,1 milioi eurokoa izan zela. Horrekin batera, Victor Bravo orduko Ogasuneko Departamentuko zuzendaria (1995-2003) egin zuten erantzule nagusi. Ondorio larriak izanda ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta diputazioak ez zuten auzibiderik abiatu erantzuleen aurka.

Jose Maria Bravoren anaia da Victor Bravo. Irungo auzia azaleratu zenean, 2007an, Madrilen zegoen, EAJren senatari gisa, bainaauzi hori dela-eta, dimisioa eman zuen. Bi urte geroago, 2009an, preskribatuta zegoen espediente bat aztertu zuen Gipuzkoako Ogasunak, eta han Victor Bravoren izena azaldu zen, salerosketa «susmagarri» batean nahasia. 2009ko ekainean Bravo eta beste kargudun politiko ohi batzuk inputatu zituzten, Glass auzia deiturikoan.

Lotura kezkagarriak

Auzi horretan ikertzen ari diren enpresa batzuk atzo kaleratutako epaian azaltzen dira. Epaiak dio Jose Maria Bravok poltsikoratutako dirua, besteak beste, hainbat enpresaren eta higiezinen bitartez zuritu zuela. Enpresa horien bidez, besteak beste, Jose Maria Bravok luxuzko hainbat hotel eta etxe eta abentura parke bat eraiki zituen Extremadurako parke natural batean (Espainia). Enpresa horiek eta beste batzuek Gipuzkoako enpresentzat ezarritako zerga onurak jaso zituztela uste du Fiskaltzak, nahiz eta haien jarduna Gipuzkoatik kanpo kokatu.

Onura horiek jasotzeko, beraz, enpresek zergak Gipuzkoan ordaintzen zituztela eta bertan erregistratuak zeudela frogatu behar zuten. Fiskaltzak dio Victor Bravoren eta Rufino Eizagirreren—Joxe Joan Gonzalez Txabarri diputatu nagusiaren bulegoko zuzendari (2003-2007) ohiaren— bi etxe eta Donostiako enpresa baten helbidea erabili zituztela horretarako. Eta, horren truke, enpresa horietako akzioak jasotzen zituztela Bravok eta Eizagirrek. Fiskaltzak aipatzen dituen enpresa horietako batzuk atzo kaleratutako epaian azaltzen dira.

Ogasuneko bi arduradun politiko ohi gisa horretako auzi batean azaltzeak uzten du kezkarako tarterik. Zenbat kargudun politikok baliatu zuten 1990eko hamarkadan Ogasunean izandako kontrol gabezia, eta Foru Aldundiaren pasibotasuna zergatik izan zen azaltzea falta da oraindik. Batzar Nagusiek aukera dute Irungo auzian hasitako ikerketa amaitzeko. Osatzeko. Izozmendia urtu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.